Osasuna eta lehia, eskutik
Datorren ostegunean, azaroaren 3an, zabalduko da 2017ko Ehunmilak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi mendi lasterketetan izena emateko epea, 17:00etatik aurrera. Zortzigarren edizioa uztailaren ...
Datorren ostegunean, azaroaren 3an, zabalduko da 2017ko Ehunmilak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi mendi lasterketetan izena emateko epea, 17:00etatik aurrera. Zortzigarren edizioa uztailaren 7, 8 eta 9an jokatuko da, eta ohi bezala, berrikuntzak izango ditu. Guztietan aipagarriena kirolarien osasunari eta segurtasunari zuzendutako bat izango da; datorren urtetik aurrera mediku agiria ez ezik, elektrokardiograma bat aurkeztu beharko dute lasterkariek parte hartu ahal izateko.
«Berritasun handia dela ematen du, baina berez ez da halako aldaketa». Haritz Esnalen hitzak dira, Ehunmilak probako mediku zerbitzuaren koordinatzaile eta Donostiako Ospitaleko larrialdietako medikuarenak. Ehunmiletako antolakuntzak aurreneko urtetik eskatu izan du mediku agiria parte hartu ahal izateko, eta aurten, artapen zerbitzuaren kalitatea hobetze aldera, zorrotz jokatuko du arlo horretan.
Esnalen mezua argia da: «Orain arte mediku agiria aurkeztu izan dutenei ez die aldaketa handirik suposatuko, arazoa izango dute orain arte mediku agiria besapetik lortzen zuten horiek. Eta aldi berean, garrantziarik gabeko sinadura egin duten medikuek ere gauzak hobeto egin beharko lituzkete». Pikarokeriari aurre hartzeaz gain, mediku taldearen lana erraztea ere badu helburu erabakiak.
Haren iritziz, oinarrizko mediku agiri bat sinatzeko garaian «galdeketa txiki bat» egin beharko litzaioke lasterkari bakoitzari bere kirol jardueraren inguruan. «Auskaltazio eta esplorazio minimo bat, eta atseden egoeran egindako elektro bat egin beharko litzateke edozein mediku agiri sinatu aurretik». Informazio hori guztia biltzen duen dokumentazioa Ehunmiletako mediku zerbitzuari helaraziz gero, haien lana «asko erraztuko» litzateke, eta autonomia maila handiagoa ere lortuko lukete.
Milatik 400ek laguntza
Ehunmiletan lan egiten duten medikuak osasun publikoko langileak dira, eta ahalegin berezia egiten dute gizarte zibilari ahalik eta gutxien eragin diezaion kirol proba horretan eskaini behar izaten duten zerbitzuak. «Aurten egun txarra izan genuen benetan. Korrika egiteko bero handia egin zuen eta lan handia suposatu zigun. Oinarrizko elektro bat edukiz gero, eta aurrez jakinez gero bakoitzak zer patologia dituen, gure lana errazteaz gain, ospitaleetako gainkarga hori are gehiago murriztuko litzateke».
Hiru probetako partaide kopurua batuta, mila korrikalari abiatu ziren aurten Beasaingo plazatik, eta horietatik 400 Gurutze Gorrikoek eta larrialdietako medikuek artatu zituzten, Esnalek nabarmendu duenez: «Gehienak baba eta giharretako arazoak izan arren, 400 horietatik 100 deshidratazioarengatik artatu genituen. Ehun horietatik laurogeiri gazura jarri behar izan genien zainetik errekuperatu ahal izateko, eta laurogei horietatik hiru soilik bidali genituen ospitalera. Dokumentazioa eduki izan bagenu, hiru horietatik bi ez genituzke ospitaleratuko seguru asko».
Aurtengo edizioan 228 ordu pasa ditu mediku taldeak lanean , eta inork ez zuen lorik egin. «Nire lankideak engainatu nituen, asko mendizaleak dira, eta askok datorren urtean maratoia egiteko bero-bero gelditu ziren… Gehienek errepikatu egin nahi dute». Horregatik dei berezia egiten die izena emateko asmoa duten lasterkariei: «Gutxienekoa eskatzen dugu. Ez dugu eskatzen esfortzu probarik, ez ekokardiogramarik. Urtean zehar gehienek mediku azterketa egiten dutenez, aprobetxa dezatela fitxa hori betetzeko». Bi dokumentu horiek webgunean aurki daitezke, lau hizkuntzatan.
Euskal Herrian aitzindari
Elektroa eskatzeko erabakia hartuta, Ehunmilak izango da neurri hori ezarriko duen Euskal Herriko lehen proba. Eta aurretik hori egin duen lasterketa bakarra dago estatuan, Castellon (Herrialde Katalanak). «Bi urte daramatzate elektroa eskatuz. Kontua da proba horren bultzatzaileetako bat kardiologoa dela, korrikalaria ere bada, eta Espainiako txapeldun beteranoetan. Berak indarra egiten du horretan, eta guk ere kalitate minimo bateko agiria eskatzen dugu, arreta maila hobetu ahal izateko. Ez du edozein sinadurak balio».
Esnalek aurrerapausotzat jotzen du hartutako erabakia, baina egokiena mediku agiri bateratu bat sortzea izango litzatekeela uste du: «Denok mendian federatuta bagaude, eta agiri bateratua edukiz gero, estatuko eta Europako lasterketa guztietarako balioko luke. Baina hori ez dago gure esku. Gu bigarren proba gara estatuan neurri hau hartzen, eta gainontzekoak ere kontuan hartzen hasiko balira, korrikalarientzat oso erosoa izango litzateke».
Kopuruak, gora
«Guk gure joerarekin jarraitzen dugu, kalitateko lasterketa bat eskaini nahian». Mikel Valdivielso Valdi Ehunmilak probaren buruak aurreratu du medikuen atalean eta lasterkarien geolokalizazioan aurten egin duten ahaleginari jarraipena emango diotela datorren urtean, eta testuinguru horretan kokatu du elektroa eskatzeko erabakia. «Hiru epe daude izena emateko, eta mediku agiria apuntatzen den epearen barruan aurkeztu behar da. Hala ez bada, izen-ematea baliogabetua izango da».
Segurtasunaren kalitatea hobetzea ez da ordea, 2017ko ekitaldiak ekarri duen berritasun bakarra. Datorren urtean partaide kopurua hazi egingo da, proba bakoitzean hamabosna korrikalari gehiagok izena emateko aukera zabalduko baitute –EHM eta G2Hn 515na eta Marimurumendin 265–. «Konpromisoei begira igo behar izan ditugu kopuruak. Horietatik gora nekez lortuko genuke kalitatezko lasterketa bat eskaintzea. Badakigu gure mugak zeintzuk diren; korrikalariak gustura ibil daitezela gure mendietan».
Partaide kopuruak bezalaxe, izen-emateko prezioak ere gora egingo du. «Azkeneko sei urteetan igoerarik egin gabe geunden, eta diru horrekin ezin genuen horrenbeste zerbitzu eskaini. Igoera txiki bat egitea erabaki genuen». Ehunmilak probaren izen-emate prezioa zazpi euro garestiagoa izango da, Goierriko Bi Handiena bost, eta Marimurumendirena bere horretan mantenduko dute. Izen-emate epea atzeratzen den heinean, garestitu egiten da prezioa.
Kanpoko laguntza
Eta «oso serio» hartuko duten beste atal bat kanpoko laguntzarena da, Valdik aurreratu duenez. «Urtero egon da araututa, baina datorren urtean gogor jarriko gara. Zenbait korrikalariren kexa jaso dugu kanpoko laguntzaren kontuarekin. Komisarioak jartzea erabaki dugu. Oso hitz itsusia da, baina esan behar da antolakuntzako jendea mendian egongo dela zaintza lanetan, korrikalari guztiek baldintza berberetan korritzen dutela ikusteko».
Kanpoko laguntza onartzen duten lasterketak badaude, baina Ehunmilen antolatzaileek argi dute zein den haien filosofia. «Lasterketaren arau nagusia erdi-autosufizientzia da, eta zortzigarren edizioan kanpo laguntza baztertu egingo dugu. Onartzen dugu gertatu dela, eta erreklamazio ofizialik jaso ez arren, zeresana eman duela. Serio jarriko gara, eta zigorrak egon behar baldin badira, egongo dira». Hastear da atzera-kontua.