«Artzainontzat bihotzeko txapelketa da, oihartzun gutxi duen arren»
Eli Gorrotxategi (Gaztagilea)
Artzain Gazta elkarteko kide dira Eli Gorrotxategi eta Jose Mari Jauregi goierritarrak. Illarduiako (Araba) La Leze gaztandegiaren jabe dira, eta orain arte sari ugari jaso badituzte ere, asteburuan Idiazabalen lortutako Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa dute kuttunenetako bat.
Txapeldunen txapelketa dela esan liteke hau. Zer esan nahi du Euskal Herriko txapelak zuentzat?
Guretzako oso txapelketa berezia da. Artzain gehienek hala pentsatzen dugu, Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa championsa dela. Lau herrialdeetako hamar gaztarik onenak aurkezten gara, eta horien artean txapela lortzea izugarria da. Gertatzen dena da oihartzun gutxiago duela beste txapelketa batzuen aldean; adibidez Ordiziakoa mediatikoagoa da, eta jendeak pentsatzen du hura dela handiena, baina guretzako bihotzeko txapelketa hau da.
Beste behin ere gazta zuria aurkeztu duzue, ketu gabea.
Guk ere ketzen ditugu gaztaiak, baina txapelketarako beti ketu gabea aurkezten dugu, uste dugulako keak zaporea aldatu egiten duela. Gazta ondo ez badago edo zapore gutxi badu, keak ez du gazta ona egingo, baina aldatu dezake bere zaporea. Kanpotik ikusita ere, itxurosoagoak dira, eta txapelketa askotan puntu gehiago lortzen dute.
Ordizian adibidez, azken urteetan gazta ketuak saritu dituzte.
Gure artean asko hitz egin izan dugu horretaz. Epaimahaian jatorri izendapeneko dastatzaile batzuk egoten dira, baina horiekin batera, sukaldariak, kazetariak eta beste jende asko egoten da. Bakoitzak bere gustuak ditu, eta asko, ohituraz, eginagoak daude ketuaren zaporera. Baina lehiaketa batean puntuatzerakoan norbere gustuak alde batera utzi behar dira eta beste parametro batzuk neurtu. Guk uste duguna da gazta naturalki aurkeztu behar dela, zapore garbiagoa eta beste puntu batzuk dituelako.
Aurten Donostian egingo dute World Cheese Festival jaialdia. Hemengo gazta nazioartean ezagutarazteko apustua al da?
Artzai Gazta elkartearentzako pauso handia izan da nazioarteko txapelketa hau Euskal Herrian egitea. Artzai Gazta elkartea 112 familiak osatzen dugu, denok gara artzainak eta denok egiten dugu gazta geure esnearekin. Ekoizle txikiak gara eta txapelketa hau hona ekartzea sekulakoa da. Ingalaterrako jende honek ikusi du nolakoa den gure bizimodua eta zer nolako gazta egiten dugun. Esan digute beste lekuetan ez dagoela hainbeste familia batzen dituen elkarterik. Hori da Artzai Gaztaren indarra.
Txikiak gara baina elkartuta gaude, ardi latxa defendatzen dugu eta ingurunea ere mantentzen dugu. Gure gazta hain leku txikitik aterata hain preziatua izatea, kontuan hartu duten gauza da. Guretzako ate bat izango da gure bizimodua eta gure gazta mundu guztiari zabaltzeko.
Eta hemengo gaztagileek, zer partehartze izango duzue jaialdi horretan?
Elkarte bezala bi postu izango ditugu Gazta Market izeneko gunean. Han jatorri ezberdinetako gaztagileak egongo gara, bai gu, bai Espainiatik etorritakoak eta baita Italiatik, Mexikotik eta beste toki batzuetatik etorritakoak ere. Gure gazta aurkeztuko dugu, eta dastatzeko eta erosteko aukera izango dute bisitariek. Gu 112 familia garenez, txandatuz joango gara.