«Lehiaketa irabaztea polita da, baina epaimahai gogorrena egunero daukat barraren beste aldean»
Urteak 12 hilabete baditu ere, udazkenean bakarrik egin ohi da mondeju zuria, eta ez toki guztietan; Txindokiren magalean dauden hainbat herritan dago ...
Urteak 12 hilabete baditu ere, udazkenean bakarrik egin ohi da mondeju zuria, eta ez toki guztietan; Txindokiren magalean dauden hainbat herritan dago mondeju zuria egiteko ohitura. Goierri barreneko jaki hori dastatu nahi duenak, Zaldibian badu aukera polita Illati tabernan. Maixabel Urkolak jantzi zuen iaz Ardiki Eguneko lehiaketaren txapela.
Nork erakutsi zizun mondeju zuria egiten?
Etxean, gure amonak egiten zuen, baita amak ere… Etxekoei ikusita nik ere ikasi egin nuen azkenean.
Nola egiten da? Zein da erabili ohi duzun errezeta?
Lan handia duen zerbait da, batez ere kopuru handia egin nahi baduzu; horregatik jai egunean egiten dugu guk, eta jende dezente elkartzen gara egiteko. Errezetari dagokionez, porrua, ardi gantza, arrautza, piperra eta gatza erabiltzen ditugu gure etxean. Porrua txikitu eta gainontzeko osagaiak botatzen joaten gara. Gordinik probatzen dugu eta goxoa dagoela uste dugunean, hesteak betetzen hasten gara.
Ba al dago sekreturik?
Sekretua osagai onak eta maitasun handia jartzea da.
Illati tabernan nola ateratzen duzue mondejua?
Orain dela 10 urte hartu nuen taberna eta mondeju zopa ateratzeko ohitura izan dugu beti. Mondejua egosi egiten dugu, poliki-poliki, hautsi ez dadin, eta denbora dezente edukitzen dugu. Mondejua egosi den salda hori ez dugu botatzen. Plater batean ogi xerra bat jartzen dugu, gainetik mondeju zopa botatzen diogu eta ondoren mondejua jartzen dugu. Jendeak oso gustura jaten du.
Bezero fidelak izango dituzu…
Bai. Urria iristen denean herrian jende asko egoten da Illatiko mondejua jateko zain. Eta ez bertakoak bakarrik, Abaltzisketatik adibidez, etorri ohi dira urtero-urtero garai honetan gure mondeju zopa jatera.
Joan den urtean, Zaldibiko Ardiki Egunean egiten den mondeju lehiaketan irabazle izan zinen. Pozik sariarekin?
Betidanik parte hartu izan dut eta ez nik bakarrik; amonak, amak eta baita ahizpak ere. Oraindik gogoratzen naiz, umea nintzela amonak lehiaketan parte hartzen zuela eta berak prestatutako mondeju zopa plazara eramatera joaten nintzela. Hortaz, oso berezia izan zen joan den urtean nik irabazi nuela esan zidatenean.
Gogoratzen al duzu momentu hartan zertan ari zinen?
Tabernan nengoen, eta taberna jendez gainezka! Irabazlea nintzela esan zidatenean, lehenengo momentuan konturatu ere ez nintzen egin eta ahizpari esan nion, bera joateko plazara. Hark esan zidan nik joan behar nuela, nik irabazi bainuen.
Saria jaso zenuen momentua nolakoa izan zen?
Oso hunkigarria, oso modu berezian egiten baitute sari banaketa. Bertsolariek, irabazlearen izena kantatzen duten bertsoan sartzen dute. Andoni Egañak kantatu zidan niri.
Jende gehiago joaten al da tabernara mondeju eske irabazi zenuenetik?
Egia esan, epaimahaia egunero dut tabernako barraren beste aldean. Lehiaketa irabaztea, oso ondo dator, baina tabernan egunero egin behar da lan gogor, eta bezeroak ondo zaindu.
Aurtengo lehiaketa igandean jokatuko da. Aurten ere aurkeztuko zara ezta?
Noski! Aurten ere parte hartzeko asmoa dut eta polita izango litzateke berriz ere irabazi ahal izatea. Ardiki Eguna ezagutzen ez dutenei, igandean Zaldibiara gerturatzeko gonbitea luzatzen diet eta pasatu daitezela Illatiko mondeju zuria probatzera.