Mondeju eta gaztarekin gorazarre ederra ardiari t. madinabeitia
Urriko azken igandearekin Ardiki Eguna egin da Zaldibian. Mondeju txapelketa Amaia Urkolak irabazi du, eta Juan Mari Zinkunegik Aralarko gaztarena. Eguraldia lagun, jende ugari hurbildu da festara.Mondejuak egiten dakien edonork har zezakeen parte Zald...
Urriko azken igandearekin Ardiki Eguna egin da Zaldibian. Mondeju txapelketa Amaia Urkolak irabazi du, eta Juan Mari Zinkunegik Aralarko gaztarena. Eguraldia lagun, jende ugari hurbildu da festara.
Mondejuak egiten dakien edonork har zezakeen parte Zaldibian urriko azken igandean ospatutako Ardiki Eguneko lehiaketan. Eta egon, badago mondejua egiten dakienik, lehiaketaren 22. edizioak 24 parte hartzaile izan dituelako. Lehia estua izan da aurten ere, Amaia Alkorta zaldibiarrak irabazi duena. Eneko eta Amets bikotea izan da bigarrena, eta Senos taldea hirugarrena, guztiak ere zaldibiarrak.Mondeju lehiaketak azkeneko urteetako mailari «eutsi» diola adierazi du Ardiki Egunaren antolaketan ibilitako Migel Mari Irastortzak, gaztetxoen partehartzea nabarmentzearekin batera. «Ardiki Egunaren lehiaketarako besterik ez bada, badago gazteen artean mondejua egiteko ohitura, eta hori poztekoa da» esan du. Baina Zaldibiakoek ez ezik, kanpotarrek ere parte hartu dute lehiaketan, Beasaingoak eta Oreindangoak, besteak beste. Zaldibiarrak izan dira, hala ere, gehienak.
Amaia Urkola irabazlea ere zaldibiarra da. Atzo «pozik» zegoen, lehiaketa irabazten duen lehen aldia ez bada ere. Txapel bat baino gehiago ditu etxean, eta lehen postutan geratu da askotan. «Sekreturik» ez duela dio ordea, «etxeko generoa erabiltzen dut: porruak, ardia… baserrikoak dira. Hori izango da nire mondejuen sekretua».
Aralarko gazta onena
Baina Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariek, azkeneko urteetako ohiturari jarraituz, saridunen berri emateko egindako bertsoetan beste izen batzuk ere aipatu zituzten Ardiki Egun honetan, Aralarko Gaztaren 19. lehiaketaren irabazleenak, alegia. Errezilgo Aitzarte elkarteko Juan Mari Zinkunegik irabazi zuen hori. Ixidro Sukia eta Aitor Iztueta, biak lazkaotarrak, izan ziren bigarrena eta hirugarrena. Aurten 15 partaide izan ditu txapelketa horrek, tartean Nafarroatik lehen aldiz etorritako gaztagile bat.
Antolatzaileak pozik
Mondejua eta gaztaz gain, musika, bertsoak, ganadua, artisautza, jatekoa eta baso lanen erakustaldia izan dira aurtengo Ardiki Egunaren gainerako osa- gaiak, giro eta eguraldi paregabeekin batera. Baso lanen erakustaldia aipatu du bereziki Irastortza antolatzaileak: «Lehen aldiz egin da, eta oso interesgarria izan da arpana edo trontza portugesa erabiliz lehen basoan egurra nola lantzen zuten ikustea».
Jendearen erantzuna ere nabarmendu du. Eguna fresko hasi bazen ere, orduak aurrera egin ahala epeldu eta jendea animatzen joan zen, bai kanpokoa bai bertakoa: «Herri bazkarian 107 lagun elkartu ginen; menuan dena ardia zen». Eta zer bestela, Ardiki Egunean.