Suhar taldeak Goierriko ondare arkeologikoaren inguruko erakusketa ireki du Igartzan, Goierri bertako aztarnategietan bildutako materialarekin. Bihar hitzaldia egingo dute.
Goierrin, agian, ez da topatu aztarna arkeologiko zahar-zaharrik, ez behintzat beste aztarnategi batzuekin antzinatasunean lehiatzeko modukorik. Hala ere, Goierriko aztarnategiek badute berezitasun bat: historiaurretik Erdi Arorainoko garai gehienak oso ondo errepresentatuta daude. «Garai bakoitzeko aztarna oso nabarmenak topatu ditugu egindako indusketetan», esan du Ander Arresek, Suhar arkeologia taldeko kideak. Aberastasun hori balioan jartzeko, Goierri historiaurretik Erdi Arora erakusketa ireki du Suhar taldeak Beasaingo Igartza jauregian. Azaroaren 9ra arte egongo da ikusgai. Osagarri modura, hitzaldia ere antolatu dute. Bihar izango da, Igartza jauregian, 19:00etan.
Erakusketan, Goierriko aztarnategietan egindako indusketetan bildutako materiala jarri dute ikusgai. Kasu gehienetan, gainera, goierritarrek egindako indusketetan ateratako materiala da. Denetik ikus daiteke: armak, txanponak, apaingarriak, zintzilikarioak… Materialak ere, hainbat: metala, hezurrak, lignitoak… Batez ere, Jentilbaratzan (Ataun), Murumendin (Beasain) eta Mandubi Zelain (Ezkio) egindako indusketetako materiala bildu dute. «Ez ditugu garai bakoitzeko materialik harrigarrienak erakutsi nahi izan; Goierriko ondarearen aberastasuna islatzea izan da gure helburua», esan du Arresek.
Hiru garai nagusi bereizten ditu Arresek: Erdi Aroa, Burdin Aroa eta Aro Megalitikoa. Hiru garaietako aztarnak topatu dituzte Goierrin. Erdi Aroan, esaterako, gazteluak nabarmendu ditu Beasaingo arkeologoak: Jentilbaratza, Ausa Gaztelu eta San Adrian. «Oso garrantzitsuak izan ziren Nafarroako erreinuarentzat, mugak gaizkileengandik zaintzeko» .
Burdin Aroari dagokionean, garaiko herrixkei eman die garrantzia Arresek. Goierriko kasuan, Murumendin aurkitu dituzte aztarnarik esanguratsuenak. Suhar arkeologia taldea, hain zuzen, Murumendin ari da une hauetan indusketak egiten. «Oria bailarako eremu harresituetako bat da, txikiena, baina oso berezia; besteak baino modernoagoa da eta material bereziagoak ditu», esan du Arresek.
«Garai bakoitzeko aztarna oso
nabarmenak topatu ditugu indusketetan»«Murumendi Oria bailarako eremu
harresitu txikiena da, baina oso berezia»«Pena da mendian hainbeste jende ibili,
baina ikusten dutena ez baloratzea»Ander Arrese (Suhar arkeologia taldea)
Azkenik, aro megalitikoan, trikuharriak dira bereizgarri garrantzitsuenak. Gipuzkoa osoan bezala, Goierrin ere trikuharri asko daudela adierazi du Arresek. «Beste bi garaiak baino ugariagoa da, eta asko dakigu hari buruz, egindako indusketei esker». Arkeologo beasaindarraren hitzetan, trikuharriak egitura oso sinpleak iruditzen zazkio jendeari, «harri pila bat baino ez». Uste horren kontra, egitura oso konplexuak direla baieztatu du Arresek.
Hain zuzen ere, trikuharriak nola eraikitzen ziren ikusteko, hiru dimentsioko irudiak jarri dituzte erakusketan. Bertan, prozesua azaltzen zaie bisitariei. Garaiko gazteluak nolakoak ziren edota herrixkek nolako itxura izan zezaketen ere ikus daiteke hiru dimentsioko irudi horietan. Errekreazioak dira denak, indusketetan bildutako materialetatik ateratako ondorioetan oinarrituak.
Biharko hitzaldiak borobilduko du erakusketaren edukia. Joxe Mujika beasaindarrak, Alfredo Morazak eta Arresek berak parte hartuko dute. Bakoitzak garai baten inguruan hitz egingo du. Mujikak, egun, Aralarko artzain txaboletan egiten ditu indusketak. Moraza, berriz, San Adriango aztarnategian ari da buru-belarri.
Erakusketaren zein biharko hitzaldiaren helburua arkeologoen lana gizarteratzea da. «Gu oso ohituta gaude aztarnategiak ikusten, baina ez gara konturatzen kaleko jendearentzat arrotzak direla askotan; pena ematen digu mendian hainbeste jende ibiltzea, baina ikusten dutena ez baloratzea». Arreseren ustez, zerbait estimatzeko, beharrezkoa da aurrez haren balioa jakitea.
Arkeologoek egiten dutena arkeologoen komunitatean geratzeak ez du ezertarako balio Arreseren iritziz. Haiek ikertutakoa gizarteratze aldera, hainbat ibilaldi ere egin dituzte azken asteetan San Adrianera, Aralarrera eta Murumendira, han egindako indusketak bertatik bertara ikusteko.
Goierriko ondare arkeologikoa gehiago ezagutu nahi duenak, Igartzako jauregian du aukera paregabea, hurrena mendira joan eta harri pila bat ikustean, ikusitakoari merezitako balioa emateko, eta gure historiaz gehiago ikasteko.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.