Jonmikel Intsaustik Wroclaw-ri buruzko erakusketa irekiko du
Jonmikel Intsausti zumarragarrak Poloniako Wroclaw hiriari buruzko argazki erakusketa irekiko du gaur, 19:00etan, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko erakusketa aretoan. Wroclaw Europako Kultur Hiriburua da aurten, Donostiarekin batera. Intsaustik ondo
Jonmikel Intsausti zumarragarrak Poloniako Wroclaw hiriari buruzko argazki erakusketa irekiko du gaur, 19:00etan, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko erakusketa aretoan. Wroclaw Europako Kultur Hiriburua da aurten, Donostiarekin batera. Intsaustik ondo ezagutzen du hiri hori, bertan lan egin baitzuen 2003tik 2005era. Gainera, bertan ezagutu zuen egun bere emaztea dena.
Hain herri kuttuna izanik, Wroclaw-ri buruzko erakusketa prestatzea erabaki zuen. Donostia 2016ko Energia Olatuak programara aurkeztu zuen egitasmoa, baina ez zuten onartu. Ordizian eta Zumarragan, berriz, gustura hartu dute. Martxoan Oiangu institutuan erakutsi zituen argazkiak. Erakusketa 55 argazkik osatzen dute. Bakoitzak bere testua du, euskaraz eta gaztelaniaz. Donostia hiri zoragarria da, baina Wroclaw ez da atzean gelditzen. Hainbat toki miresgarri ditu: Poloniako etxeorratz altuena (212 metro), lorategi japoniar bat, tren geltokia, auzo judutarra… Gainera, bere historia zirraragarria da. Alemaniarren esku egon zen eta Bigarren Mundu Gerran eraikinen %80 suntsitu zituzten. Ondoren, alemaniarrak bota eta Ukrainiatik etorritako poloniarrekin populatu zuten.
Wroclaw hirian ateratako argazkiak hilaren 13ra bitartean egongo dira kultur etxean. Erakusketa aretoa astelehenetik ostiralera 17:30etik 20:30era irekitzen dute eta larunbat eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era.