Azokak lehenengo aldiz mikologiari eskaini dio hilabetea. Oiangu baserriko Imanol Aldakok zizekin errezeta egin du jendaurrean. Daniel Palacios adituak hitzaldia emango du gaur

D’elikatuz zentroak orain dela bi urte garaiko eta bertako produktuak bultzatzeko
12 hilabete 12 produktu egitasmoa jarri zuen martxan azokarekin lotuta. Perretxikoak eta onddoak jasotzeko garaia den honetan, azokak, garaiko produktuen erakuslehio paregabea den aldetik, urrian hasi eta 4 asteazkenetan mikologiari eskeini dio lehenengo aldiz egitasmo horri dagokion atala.
Atzoko ferian, Oiangu baserriko Imanol Aldako sukaldaria izan zen Plaza Nagusian propio jartzen duten postuan, perretxikoak lehengai dituen errezeta bat egiten. Berak egindako aukera honako izan zen: txerri salda, ziza eta hegaluze ur-gabetu ketuarekin. Gerturatu zirenek dohain dastatu zituzten Aldakok prestatutako pintxoak. Datorren asteazkenean beste sukaldari bat egongo da azokan beste perretxiko mota batekin errezeta bat egiten.
Hitzaldiak D’elikatuzen
Mikologiaren hilabetea den honetan, hainbat hitzaldi ere antolatu dituzte. Gaur, Daniel Palacios mikologoak emango du hitzaldia D’elikatuz zentroan 18:30ean. Palacios, Tripaki taldearen eta Izadi Natur Zientzia Elkartearen eta izen bereko aldizkariaren sortzailea da. Hitzaldia osatzeko, Ordiziako Aldasoro jatetxeko Juanjo Martinez de Rituertok perretxiko ezberdinak prestatzeko aukerak erakutsiko ditu.
Datorren astean Iro Landaluze perretxikotan adituak eta ETBko Udazken loreak saioko aurkezleak perretxikoak biltzeko gomendioak emango ditu.
EGITARAUA
· Gaur. Daniel Palacios mikologoak hitzaldia egingo du D’Elikatuz zentroan. Juanjo Martinez de Rituerto sukaldariak berriz, perretxikoak prestatuko ditu. 18:30ean, D’Elikatuz zentroan.
· Hilak 10, osteguna. Iro Landaluze adituak perretxikoak biltzeko gomendioak emango ditu. Xabier Martinez sukaldariak berriz, perretxikoak prestatuko ditu. 18:30ean, D’Elikatuz zentroan.