Pintxo lehiaketa eta Buzkantza Eguna, asteburuan Zumarragan
Buzkantzaren asteburua ospatuko dute Zumarragan bihartik igandera bitartean: bihar eta etzi pintxo lehiaketa egingo dute eta igandean Buzkantza Eguna. Zumarragako Udalak bi pintxo lehiaketa antolatzen ditu urtero eta azarokora buzkantza
Buzkantzaren asteburua ospatuko dute Zumarragan bihartik igandera bitartean: bihar eta etzi pintxo lehiaketa egingo dute eta igandean Buzkantza Eguna.
Zumarragako Udalak bi pintxo lehiaketa antolatzen ditu urtero eta azarokora buzkantza edo odolkiz egindako pintxoak aurkeztu behar dira. Aurten hamalau tabernak parte hartuko dute: Alaska, Alexander, Arkupe, Berri, Bidezar, Bordatxo, Hirukia, Iburreta, Kakueta, Monterrey, Saski, Txanpon, Xaloa eta Ziaboga.
Zumarragarrek eta bertaratzen direnek lehiaketara aurkeztutako pintxoak probatu ahal izango dituzte taberna horietan: bihar 19:00etatik 21:00etara eta etzi 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.
Igandean Buzkantza Eguna ospatuko da. 11:00etatik 14:00etara artisauen lanak ikusteko aukera egongo da. Hamar artisauk parte hartuko dute: Uli Garrido anaiak (zura lantzea eta makramea), Iñaki Gorostidi (altxatzeko harri txikiak), Arantxa Sistiaga (ehoziriak), Iñaki Agirrezabala (otarrak eta umeentzako tailerra), Tomas Urkiola (gazta eta ogia), Mendiaraz anaiak (danbolinak), Xabier eta Maika (ukenduak), Elena Fernandez de Arangiz (poltsoak) eta Fermin Goenaga (sendabelarrak).
Gainera, bost harakinek buzkantzak salduko dituzte: Mujika (Ordizia-Beasain), Alfredo Alonso (Lerma), Jesus Mari Deba (Ezkio-Itsaso), Iñaki Ormazabal (Beasain) eta Merino (Reinosa). Tabernan Debaren eta Fernando Salegiren buzkantzak dastatzeko aukera egongo da. Euro baten truke, pintxoa eta edaria emango dituzte. 12:15ean pintxo lehiaketako sariak banatuko dituzte eta 12:30ean aizkora erakustaldia egongo da. Iñaki Azurmendi eta Xabier Zaldua, Donato Larretxea eta Aratz Mugertzaren aurka arituko dira.
Buzkantza Egunean herriko harategi bakar batek parte hartuko du: Fernando Salegik. Garai honetan buzkantza asko saltzen direla esan du. «San Martin aurreko eta ondorengo egunetan buzkantzak odolkiak baino gehiago saltzen dira. Elkarteetan egiten diren afarietan buzkantzak jateko ohitura nagusitzen ari da. Udala buzkantza bultzatzeko egiten ari den lana fruituak ematen ari da», aipatu du.