Fronte batek aldaketa eta negu giroa ekarriko ditu asteburuan
Azaroko aurreneko egunetan izandako giro epelei agur esan eta negu giro betean sartuko gara bihartik aurrera. Hala iragarri du Euskalmet meteorologia agentziak. Bihar goizeko lehen orduetan, ipar-mendebaldeko haizea sartuko da, eta hodeiak eta euria ekarriko ditu berekin. Tenperaturek ere behera egingo dute eta 14 graduko maximoak iragarri dituzte. Arratsalde parterako baretuko da giroa, mendebaldeko haizeari esker.
Igandean ordea, tenperaturak gehiago jaitxiko dira, eta elur maila 1.000 metro inguruan kokatuko da. Ezegonkortasuna eta euri zaparradak izango dira nagusi, eta tarteka, trumoiak jo eta txingorra ere egin dezake. Tenperatura maximoak 10 gradukoak izango dira, eta mendi aldean izotza egin dezake.