
Goierriko Gure Esku Dagok, bihar, 10:30ean, Segurako kultur etxean, batzar irekia egingo du. Behin galdeketa egin ondoren,
Hemendik aurrera zer? galderari erantzungo diote.
2016a erabakitze eskubidearen galdeketaren urtea izan da Goierrin. Zein balorazio egiten duzue?
Aitor Urkiola. Oso balorazio positiboa egiten dugu. Erabakitzen hasi garela da ondorioa, ahalduntzen ari garela. Emaitzen balorazioetan sartu gabe, aurreneko pausoa eman da Goierrin, normaltzat ematen da erabakitzeko eskubideaz galdetzea. Jende ezberdin bat erakartzea lortu da. Horrek ekarri du beste hainbat herritan eta eskualdetan eragin duena.
Larraitz Zubeldia. Eskerrak eman nahi dizkiegu ekainaren 5 bitartean lanean aritu zirenei eta galdeketan parte hartu zutenei. %27ko partaidetza izan zen eta garbi dago sektore handi batengana ez ginela iritsi. Baina bozkatu zutenetik %95ek baiezkoa esan zuten, eta horiek burujabe izan nahi dute. Baiezkoa botatu zutenek burujabetza hori nola lortu galdetzen dute orain. Baina iritsi ez ginen jendea ere erakarri behar dugu.
Goierri zein fasetan dago orain? Hemendik aurrera zer?
Zubeldia. Galdera hori bihar egingo da Seguran. Bi hausnarketa lan ditugu abendura bitartean. Batetik, Gure Esku Dagok 2019ra bitartean duen plangintza nazionalari edo bide orriari ekarpenak egiteko aukera izango dugu. Ondoren, ekainera bitartean, galdeketak etorriko dira, itunak etorriko dira, gaitasuna ikusten baldin bada erronka handiak datoz 2018ari begira… Eta horretaz gain, Goierrin behin galdeketa egindakoan, Goierriko Gure Esku Dagok zein rol hartu dezakeen eta zein ekintza eraman ditzakegun aurrera erabakiko dugu. Batzar irekia da.
Urkiola. GEDren erronka da Goierrin sua piztuta nola mantendu. Galdeketaren urteurrenean, ekainaren 5a inguruan, zerbait egitea pentsatzen ari gara; aldi berean, beste herri batzuetan egingo diren galdeketen lagungarri ere izango da.
Gure Esku Dagoren plangintza 2019ra artekoa da.
Zubeldia. Bai, Gure Esku Dagoren bide orriak dio 2019an Gure Esku Dago desagertzera doala. Beste dinamika batek hartu beharko du herentzia.
Urkiola. Seinalerik onena, herentziarik onena, Gure Esku Dagok bere funtzioa beteta desagertzea da. Herritarrek eta erakunde desberdinetako jendeak hartu beharko lukete protagonismoa.
Euskal Legebiltzarraren gehiengoa erabakitzeko eskubidearen aldekoak dela esan daiteke. Horrek lagunduko du?
Urkiola. Bai, baina guk behartu ditugu.
Zubeldia. Ez dadila gertatu, Ibarretxerekin edo Lizarra-Garazirekin gertatu zen bezala, atzera begiratu eta inor ez egotea. Herritarren ahalduntze honi esker, atzera begiratu eta herria hor dagoela ikusi behar dute. Martxoaren 19an beste bultzada handi bat etorriko da, maiatza aldean ere herri dezentetan izango dira galdeketak, ekainean ere ekitaldi handia egingo da Bilbon…
2017an zenbat herritan egingo dute galdeketa?
Urkiola. 2017an ehundik gora herritan egingo dituzte.
Zubeldia. Goierritarrak eta Goierri beste herrien eta eskualdeen eredu gara. Gure esperientzia azaltzen eta aholkularitza ematen ari gara beste herrietan.
Hauteskunderik gabeko garaia etorriko da.
Urkiola. 2019ko maiatzera arte ez dugu hauteskunderik izango. Tarte hori badaukagu, lasaia, aprobetxatzeko modukoa.
Dokumentala prestatzen ari zarete. Horrek ere lagunduko du suari eusten, ezta?
Urkiola. Bai, galdeketaren prozesu guztia grabatu genuen eta abenduan aurkeztuko dugu. Gure Esku Dagoren plangintzaren aurkezpenetarako baliagarria izango da dokumentala.
Zubeldia. Dokumentala, gainera, baliagarria izango da datorren urtean galdeketak egitera doazen herrientzat eta eskual-deentzat.