Burdinolak eta Memoria Historikoa berreskuratzeko taldeak antolatu dute. Arantzadi Zientzia elkarteak ondutakoa da. Gaurtik zabalik dago kultur etxean
Azaroaren 10a Memoriaren Egun gisa izendatuta dago. Legazpin Memoria Historikoa lantzen duen taldeak
Hobiak husten, duintasunak berreskuratzen erakusketa irekiko du gaur kultur etxean 17:30ean. Burdinola elkartearekin elkarlanean aritu dira Memoria Historikoko lantaldekoak. Gaurtik hilaren 18ra arte ikusgai egongo den erakusketa Aranzadi Zientzia Elkarteak sortu du, eta hobi komun bat dauka ardatz.
Aitor Ibañez de Garatxana Legazpiko Memoria Historikoko taldeko kidearen hitzetan, «ez da erakusketa gozoa, ikusteko gogorra da». Izan ere, ikusleek hobi bat zer den harik eta zehatzen ikustea nahi zuten Aranzadikoek, eta lortu dute.
Erakusketaren muina den hobiaren irudiarekin batera informazio panelak daude ikusgai. Paneletan familiak, pertsonak, hobia eta omenaldia dira hizpideak. Pertsonen artean hobietaz informazioa ematen duten pertsonei buruz mintzo da paneletako bat. Pertsonekin batera daude hobiratutakoen senideak, zeintzuk euren ahaideak bilatzeko laguntza eskatzen duten. Hobiaren panelean indusketa lanak, hobitik ateratzea, laborategiko lanak eta abar azaltzen dituzte. Azkenekoan gorpuzkinak senitartekoei itzuli, nortasuna egiaztatu eta, ahal dela, duintasuna bueltatzeko prozesuaren berri ematen da.
Legazpiko memoria
«Legazpi asko sufritu duen herria da», dio Ibañez de Garatxanak. Legazpiarren gehiengoa galtzaileen aldekoa izan zela eta biktima asko errekonozitu gabe dagoela ere gehitu du: «Mutilatutako pertsonak, desjabetutako familiak, lana eta gutxieneko duintasuna ukatu zaien familiak…». Legazpin memoria historikoa berreskuratzeko lan asko egin dela dio eta beste herri batzuen aldean aurretik doala gaineratu du, «orain 8 bat urte Sotero Plazaola alkate izandakoak hauspoa eman zion memoria historikoaren gaiari. Aurretik, Legazpin 1936ko gerran eta haren ondorioz ezer gutxi nozitu zenaren mitoa zegoen».
Legazpiko memoria histori-koaren puzzlea osatzen joan ziren eran, Ormakioko frontearekin topo egin zuten, baita itxi gabeko zauriekin ere.
Kultur etxean gaur irekiko duten erakusketarekin hitzaldi bat antolatu nahi zuten, baina azken orduan ezinezkoa izan da. Nolanahi ere, hilaren 10ean erakusketaren gaineko azalpen batzuk emango ditu Aitor Ibañez de Garatxanak. Legazpin ez dute hobirik aurkitu, baina hobiak nolakoak diren erakustea garrantzitsua dela diote.
74
Hildakoak. Legazpin 36ko gerrak eta ondorengo errepresioak utzitako hildakoak. Garai hartan 3.000 bat bizilagun zituen Legazpik. 74 horietatik 64 legazpiarrak ziren, eta besteak, Legazpin akabatzera ekarritako kanpotarrak.