Gipuzkoako aldundiak berrikusi eta eguneratu egin ditu ondasun higiezinen balioak. 2017ko zergan eragina izango du, oro har igoko direlako. Udalak tipoa onartzen ari dira

Gipuzkoako hirilurren katastroa berritu du foru aldundiak. Datorren urteko OHZ Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan aldaketa nabarituko dute Goierriko etxe eta lokal jabeek, modu herrikoian
kontribuzioa deitzen zaion ordainketan. 2001ean eguneratu zituen aldundiak orain hurrena katastroaren balioak, nahiz legeak zortzi urtean behingo berrikuspena eskatu.
Kokagunearen eta eraikin motaren arabera, katastroaren balioa igo edo jaitsi egin du, orain. Higiezinen erregistro administratiboa da katastroa. Merkatuko balioaren %80 ematen dio, normalean, katastroak higiezinari.
Goierriko jabe zergadunak aurreko astean hasi ziren balio ponentzia berrien jakinarazpenak jasotzen, Gipuzkoako aldundiaren eta tokian tokiko udalaren sinadurarekin. Azaroaren 15era arte egingo dute komunikazio kanpaina. 2016an izan duen balioa, eta eguneraketaren ondoren, 2017an izango duena zehazten da, batetik. Bestetik, udalak kontribuzioa kobratzeko tasari zer tipo aplikatuko dion ere zehazten du; katastro balioaren zenbateko portzentajea kobratuko dion zergan, alegia.
Udalak, zerga-tipoa jartzen
Hain zuzen, Goierriko udalak orain ari dira tasa-tipo hori finkatzen eta udalbatzarretan onartzen. Batzuek lehengo tipo berarekin segiko dute. Beste batzuek, kobratu beharreko ehunekoa jaistea erabaki dute, katastro balioak gora eginda kontribuzioa ere garestituko delako, eta herritarrentzat igoera leuntzeko.
Aldi berean, udalek finantzatzeko duten oinarrizko diru iturria da OHZ.
Izan ere, oro har, goratu egin ditu aldundiak higiezinen balioak, 2001etik adierazle ekonomikoak igo baitira. «Katastroa berrituta, higiezinen balioak merkatu errealekoekin lerrokatu nahi dira, zerga-ordainketa ondasunen balio errealaren arabera egin dadin», dio aldundiak.
Balio berriak urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean. Araudia Gipuzkoako Batzar Nagusiek zehazten dute, baina zerga udalek kudeatzen dute.