Landarlanen mozioa onartu dute Ordizian, EH Bilduren eta Ahal Duguren aldeko botoekin
Ohiko osoko bilkura egin zuen atzo Ordiziako udalbatzak eta eguneko gai zerrendan, Landarlanek, Aralarren egiten ari diren pisten aurkako mozioa aurkeztu zuen. EH Bilduko bost zinegotzien eta Ordizia Baikoen bi bozkekin, mozioa onartu zen. EAJkoek ezezkoa eman zioten eta PSEkoak abstentzioa.
Landarlanekoei, Aralarreko pisten gaia osoko bilkuran landu ez izana “ulertezina” iruditzen zaie, Ordiziako alkatea Enirio-Aralar mankomunitateko lehendakaria izanik. Edurne Huesak, Landarlaneko ordezkariak esandakoaren arabera, “ukaezina” da erabileentzat pistak izateak, “onuragarria” dela , baina “ezin dira ezkutatu” pisten eraikuntzak inguru naturalean eragiten dituen “kalte eta inpaktuak” eta Enirio-Aralar “arauak betetzeari uko egiten ari” direla salatu du Landarlanek.
Alderdi politikoen jarrera
EH Bilduk prozesua “traketsa eta iluna” izan dela salatu zuen. Aralar, eremu publikoa izanik, “esleipenaren daturik ez izatea sinestezina” iruditzen zaiela esan zuten eta egiten ari diren lanen proiektu teknikorik “ez izatea onartezina” dela gehitu zuten. Aitortzen dute, Goroskintxuraino pista egiteari baiezkoa eman ziotela, baina “ez prozedura honekin” eta “beste alternatiba batzuk” daudela gehitu zuten.
Ordizia Bai alderdikoek, “informazio falta salatu” zuten. Erabakiak hartu aurretik, “txosten bat egitea” eskatu zuten eta ondoren, “guztion artean” gaiaren inguruko debatea egin beharko dela gehitu zuten.
Jose Miguel Santamariak, informaziorik ez dela ezkutatu esan zuen eta Landarlanekoak “gezurretan” ari direla salatu zuen. Azken egunetan, Aralarren lanean ari diren makinek izandako sabotaien inguruan, Landarlanek zein postura duen galdetu zion Huesari. Landarlaneko ordezkariak, “sabotaia guztien aurka” agertu zen. “Ez bakarrik makinetan agertu diren kalteekin; bai leizeetan agertu den zaborrarekin, Errekabeltz inguruko langa pagadian agertu izanarekin eta egon daitezkeen sabotaia guztiekin desadostasuna” adierazi zuen.
Landarlanen eskaera
Landarlanek atzoko osoko bilkuran aurkeztutako mozioan eskaera hauek egin zizkion udalbatzari: Enirio-Aralarko Mankomunitateak, edozein pista berri onartu aurretik 2003an onartu zuen ekintzen egitasmoa berrikustea; Hemendik aurrera, Enirio-Aralarko Mankomunitatean garrantzizkoak diren gaietan, plangintza, lanak eta aurrekontuen ingurukoak batik bat, Ordiziako Udalak hartu beharreko erabakiak dagokion sailean landu eta osoko bilkuran onartu daitezela, Ordiziako Udaleko erabakia Mankomunitatera eraman aurretik; Dagokion erakundeari eskatzea, Aralarko erabilpen eta kudeaketa plana onar dezala; Enirio-Aralar mendi publikoa izanik, mankomunitatea erakunde gardena eta irekia izatea; Aralarko natur parkea eta kontserbazio bereziko eremuaren organo kudeatzaileak Aralar mendian edozein pista berri onartu aurretik mendiko bide-azpiegituren plangintza orokorra planteatu dezala eskatzea eta azkeneko eskaera, mankomunitateko lan batzordea desegitea, ez duelako aintzat hartzen Aralar natur parkeeta babes bereziko eremua dela.
Osoko bilkurak mozioa onartu ondoren, Jose Miguel Santamariak Enirio-Aralar Mankomunitatea osatzen duten kideei, onartutako mozioaren berri emango diela esan zuen.