Odolki sasoi betea
Garai batean baserri guztietan egiten ziren odolkiak, San Martin egunaren inguruan txerria hiltzen zenean. Gaur egun, oraindik baserri batzuetan ohiturari eusten badiote ere, ...
Garai batean baserri guztietan egiten ziren odolkiak, San Martin egunaren inguruan txerria hiltzen zenean. Gaur egun, oraindik baserri batzuetan ohiturari eusten badiote ere, harakinek heldu diote lanari. Odolki garai betea da, eta odolki usaina nabaria da harategi inguruetan. Biharkoa egun garrantzitsua da Goierriko odolkigileentzat. Izan ere, odolkiaren errege edo erregina titulua jokoan izango da berriz bihar Beasainen, 32. Odolki Lehiaketan.
Odolkigileak urduri egoten diren eguna izaten da biharkoa. Harategian lanean aritzen badira ere, burua Gernika pasealekuko pilotalekuan, eta belarria telefonora itsatsia izaten dute. Odolkigileei ospe handia ematen dien txapela baita Beasaingoa. Salmentetan asko nabaritzen dute gainera…
Paki Agirrek ondo ezagutzen du batez ere Beasaingo txapelketak duen eragina. 40 urte daramatza odolkiak egiten; lehen Julian Mujika senarrarekin eta orain, senarra erretiratu zenez geroztik, Iñaki Ormazabal urretxuarrarekin. 2012an irabazi zuten azkeneko aldiz Beasaingo txapelketa eta azkeneko hiru urteetan, bigarren postua eskuratu izan dute. Aurtengo irailean Ordizian Goierriko txapelketa irabazi ondoren, esperantzarekin aurkeztuko dituzte odolkiak. Paki Agirrek Beasaingo txapelketa irabazteak dakarrena biziarazi nahi dio Ormazabali: «Goierriko txapelketa irabazita nabaritu egiten da salmentetan, baina Beasaingoa irabazita ikaragarria da».
Urduritasun handiko eguna izaten dela gogoratu du Agirrek. «12:00etatik aurrera ez dut ezer entzuten nik», dio. Telefono deiaren zain egoten direla aitortu du.
Mimo handiz prestatzen dituzte odolkiak. «Osagai onak izatearekin batera, goxatzea, mimatzea, behar den denbora hartzea beharrezkoa da. Barazkiak egosten bere denbora behar du», diote.
Bertako produktuak erabiltzen dituzte: Urretxuko porruak, Nafarroako gantza eta tipula, eta Garingo eta Arrietako oreganoa. Guztia, neurri egokian txikituta. «Lehen zati handiagoetan mozten ziren, orain osagaiak txikiagoak egiten ditugu».
Pikante puntu bat ere gehitzen diote odolkiari: «Pikante puntu hori edukitzen du Beasaingo odolkiak», dio Agirrek.
Mutiloako Txerri Azokako odolkigileak
Biharkoa Beasainen egun handia izango den bezala, etzi Mutiloan izango da urteko egunik handienetako bat; mutiloarren ezizenari ohore eginez sortu zuten Txerri Azoka egingo da. Goiz osoan txerria eta txerrikiak izango dira protagonista txerrigorrien herrian.
Eguerdian, 12:00etatik aurrera, Juanita Murgiondo, Rexu Olaetxea eta oraindik zehaztu gabe dagoen beste hirugarren bat izango dira protagonista (Juanita Aranburu aurten ez da izango): beste behin ere, odolkiak egingo dituzte jendaurrean.
Garai batean etxean
Garai batean etxean makina bat odolki egindakoak dira; «Lehen, garai batean, etxe guztietan egiten zen odolkia Santa Lutzi egunetik aurrera», dio Juanita Murgiondok. Dena den, dagoeneko ez da etxean odolkirik egiten. Azken urteetan, ordea, urtean behin, Txerri Azokan, jendaurrean egiten dute erakustaldia: «Zer jaten dugun jakin behar dugu eta aukera ona da horretarako», dio Murgiondok. Dena den, txerri odolarekin egindako nahasketak zenbait jenderi «atzera» ere egiten omen dio: «Jende gazteari nazka ematen dio odolarekin egiten den nahasketak».
Mutiloarrek ez dute odolkiaren prozesua guztia egiten plazan, «luze joko luke-eta bestela». Barazkia aurreko egunean txikituta eta egosita eramaten dute. Azkeneko prozesua egiten dute bertan: «Berotu, dena odolarekin nahastu, hestean sartu, egosi eta zintzilik jartzen ditugu. Mordoska bat egiten ditugu», dio. Mutiloarrak aitortu duenez, «oreganorik ez dugu erabiltzen, errepikatu egiten du eta. Piparra bai, botatzen diogu». Txerri Azokako erakustaldian egindako odolkiak ez dituzte saltzen; gorde egiten dituzte «afariren baterako. Batzuk eskatu egiten digute saltzeko, baina ez ditugu saltzen».
Egun betea
Mutiloarrek plazan egindako odolkiak ez, baina gainerakoan izango da zer erosia eta dastatua etzi Mutiloan: burruntzian erretako txerriaren pintxoak, odolkiak eta txorizoak, urdaiazpikoa… Urdaiazpiko mozte erakustaldia ere izango da. Umeentzako eskulan tailerrak ere antolatu dituzte. Herri bazkariarekin amaituko dute eguna.