Gabiriako Udalbatza, atzo, mozioa onartzeko ezohiko bilkuran./Hitza
Mutiloako Palanka eremuan Gipuzkoako hiri hondakinak botatzeko egokitu nahi duten Lurpe zabortegiaren aurka, inguruko hiru udalerriek formalki aurkakotasuna adieraziko dute. Goierri Birzirik plataforma sortu berriak aurkeztutako mozioa onartuko dute Gabiriako, Mutiloako eta Ormaiztegiko udalek. Gabiriako Udalbatzak atzo arratsean egin zuen ezohiko udalbatzarra; Mutiloan eta Ormaiztegin gaur onartuko dute.
Bestetik, Goierri Birzirik plataformak astelehenean, azaroak 7, aurkezpen agerraldia egingo du, Ordiziako Plaza Nagusian, 18:30ean. Hiru herrietako udalek ere bat egingo dute, eta han izango dira udal ordezkariak, alkateak buru direla.
Mozioan hiru eskari egiteko eta beste hiru konpromiso hartzeko galdegin die plataformak udalei. GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Lurpe zabortegiaren esleipen prozesua “berehala” geldi dezala eskatuko dute udalek, behin mozioa onartzen dutenean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak herrialdeko hondakin mankomunitate guztiak presaz deitzeko eskatu dute, lan-mahai bateratu bat eratu eta “hondakinen kudeaketaren arazoari konponbide partekatu, arduratsu eta presazkoa” eman diezaion.
Zabortegiari buruzko herri batzarra, Ormaiztegin burutua urrian./Arkaitz Apalategi
Azkenik, Ferrovial taldeari luzatu diote hirugarren eskaria. Enpresa horrek parte hartzen du Lurpe hondakindegian, Cespa enpresaren bitartez, eta Gipuzkoako hondakinak jasotzeko kontratua sinatzeari borondatez uko egin diezaiola eskatu diote. “Mutiloa, Ormaiztegi, Gabiria eta eskualdeko gainontzeko herrietako biztanleak zuzenki kaltetzen” dituela argudiatu du plataformak, eta haien “herritarren gaitzespen irmoak eta ahobatezkoak” arrazoitzen duela gaineratu du.
Hartu beharreko konpromisoen artean, etxeetako hondakinak “behar bezala sailkatzea derrigorrezkoa” den mezua herritarrei zabaltzeko eskatu die udalei plataformak. Hilabetean pertsonako 5,8 kilo errefusa utziko lukeen bilketa sistema “eraginkorra” herrian bermatzeko neurriak hartzeko ere galdegin die. “Neurria Gipuzkoa guztian ezarriz gero, urtero sortzen den errefusa kopurua 160.000 tonatik 50.000 tonara jaitsiko litzateke”. Sailkatze tasak “hobetzen” jarraitzeko konpromisoa eta herri mugimenduekin adostutako mobilizazio eta ekimenei atxikimendua ematea ere hartu beharreko neurrien artean daude.