Aixa Vizuetek liburua aurkeztuko du bihar
Aixa Vizuete idazle zumarragarrak Lirio de sangre. Odisea liburua aurkeztuko du bihar, 19:00etan, Zelai Arizti kultur etxean. Vizuetek 27 urte ditu eta irakurtzea asko gustatzen zaio. «Lehen egun baino askoz
Aixa Vizuete idazle zumarragarrak Lirio de sangre. Odisea liburua aurkeztuko du bihar, 19:00etan, Zelai Arizti kultur etxean. Vizuetek 27 urte ditu eta irakurtzea asko gustatzen zaio. «Lehen egun baino askoz ere gehiago irakurtzen nuen eta hortik sortu zitzaidan nire istorioak idazteko nahia. Denetik irakurtzen nuen. Etxean ezin zizkidatela horrenbeste liburu erosi esan zidaten eta liburutegira joaten hasi nintzen. Azken urteotan Terry Pratchett-en Mundodisco sagako liburu asko irakurri ditut. Fantasiazko mundu batean kokatutako istorioak dira eta satira asko erabiltzen du».
Zumarragako idazlearen istorioak ere fantasiazkoak dira. «Lehen liburua 2012an argitaratu nuen. Orduan ez nintzen aurkeztera ausartu eta orain egingo dut, hirugarren edizioaren kaleratzea dela eta. Jendaurrean hitz egitea ez zait gustatzen, baina egin beharra dago».
Trilogiako lehen liburuaren 200 ale saldu ditu dagoeneko. Bigarren alearen lehen edizioa agortu egin da eta hirugarren alearen gutxi batzuk bakarrik gelditzen zaizkio. Liburuak azoketan saltzen ditu, batik bat. Abenduaren 3an Urretxuko Trapera azokan egongo da eta abenduaren 18an Zumarragako artisau azokan. Zumarragako Legazpi liburu-dendan ere eros daitezke bere liburuak. Trilogiako protagonista Casandra izeneko neska bat da. Hanka-sartze burokratiko batek fantasiazko mundu batera bidaliko du eta han misio bat aginduko diote. Misio hau lau lagunekin batera egingo duen bidaia baten abiapuntua da. Fantasia, abentura eta umorea dira bere liburuen osagaiak.
Laugarren nobela ere bukatu du dagoeneko. Caprice du izenburua eta argitaletxe baten interesa piztu du. Idaztea erabat beharrezkoa duela dio.