Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea aho batez onetsi du udalbatzak. Abenduan gauzatuko da ofizialki sarrera, Uemaren batzarrean. Arnasgune izaten segi nahi du Ataunek
Ataun Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (Uema) kide izango da. Elkargoan sartzea aho batez onartu zuen Ataungo Udalbatzak, azaroaren 3ko osoko bilkuran. Bi udal talde politikoek —EH Bildu eta Herrigintza— babestu dute ekimena.
Uemak abenduan egingo du batzar nagusia, eta han onartuko dute Ataun kidetzat. Mankomunitateko 79. udalerria izango da Ataun, eta han dagoen Goierriko 10. herria. Altzaga, Arama, Ezkio-Itsaso, Gaintza, Itsasondo, Legorreta (aurten sartu da), Segura, Zaldibia eta Zerain daude, lehendik.
Ataunen euskaldunen portzantajea altua da, baina kezka ere agertu da. Biztanleen %86 euskalduna da (1.700 biztanle ditu), baina azken urteetan bai ezagutzak, bai erabilerak «nabarmen» egin dute behera.
Ataungo Euskara Taldeak 2014an diagnostiko bat landu zuen, eta erabilera «ikaragarri jaitsi» zela ikusita, orduan erabaki zuten neurriak hartzea eta «gainbehera nola edo hala» iraultzea. Neurri bat Ueman sartzea izan da.
Arnasgune izaerari eutsi
Euskararen osasunaren joera beheranzkoa den arren, Ataun arnasgune deritzona da, euskararen soziolinguistikan. Izaera horri eutsi nahi dio. Bestetik, Ueman sartuta eta «euskaraz biziz», hizkuntzaren normalizazioari lagundu nahi dio. Uemako 79 herrietan —Ataun sartuta— 234.000 biztanle bizi dira.
Ataunek bi udal ordezkari izango ditu Uemaren batzar nagusian. Bat EH Bilduko hautetsia eta bestea Herrigintzakoa izatea adostu dute.