Pistak egiteko erabili den prozeduraren aurka agertu da Ordiziako EH Bildu. Aralarko kudeaketak plan orokor bat behar duela nabarmendu dute
Ordiziako EH Bildu, Aralarren pistak egitearen aurka baino gehiago, prozeduraren aurka agertu zen atzo Barrenan egindako agerraldian. Pasa den ostegunean, osoko bilkura egin zuten Ordiziako udaletxean eta Landarlan elkarteak Aralarren egiten ari diren pisten aurkako mozioa aurkeztu eta EH Bilduko zinegotziek baiezko bozka eman zioten. Ordizia Orainek ere baiezkoa eman eta aurrera atera zen mozioa.
Aralar, «Enirio-Aralar Mankomunitatea osatzen duten 15 udalerrirena» dela adierazi zuten eta, hortaz, «erabakiak guztien artean hartu behar» direla argudiatu zuten EH Bildukoek. Era berean, Aralar babes berezia duen natur parkea ere badela gogoratu zuten.
Horretaz gain, «gardentasuna» eskatu zioten Enirio-Aralarri eta, bere lehendakaria Ordiziako alkatea izanik, gaiaren inguruan Ordiziako udalbatzak zer esana baduela iruditzen zaiela gehitu zuten.
Halaber, Aralarren kudeaketa orokorra arautuko duen plan bat behar dela nabarmendu zuten eta bertan arautu beharko dela «zenbatekoa den jasan dezakeen abel buru kopurua, artzainen beharrak eta abar luze bat».