Astelehenean bilera egingo dute CAFeko zuzendaritzak eta enpresa batzordeak
Zuzendaritzak deitu du bilera. Azken bi asteotan bina orduko hiru lanuzte egin dituzte kalitatezko enpleguaren alde eta azpikontratazioen aurka. Bileraren ondoren aztertuko dituzte aurrera begirako urratsak.
Beasaingo eta Irungo CAFeko langileek gaur bukatu dute hiru lanegunetarako deitutako bina orduko lanuztea, amiantoaren eskulturaren aurrean eman duten prentsaurrekoarekin. Enpresa batzordeko kideek irakurri duten oharraren arabera, «enpresak bilerarako dei egin digu astelehenerako. Horren ostean, eman beharreko urratsak aztertu beharko ditugu».
Bina orduko hiru lanuzteek mantentze lanetako zentroetan ere eragina izan duela eta, «zuzendaritzak gure eskariei erantzun positiboa emango diela eta aldi baterako langileak kontratatzen hasiko dela espero dugu». Dena den, «hala egin ezean, jende gehiagoko mobilizazioak eta mobilizazio sendoak deitzea, beste aukerarik ez genuke izango», aurreratu dute.
Kalitatezko enplegua
Beasaingo eta Irungo CAFek langileen borrokaren helburua, kalitatezko enplegua lortzea da. Honela, «kalitatezko enpleguaren alde, ezetz esaten diogu produkzio lanak azpikontratatzeko politikari, eta baietz esaten diogu CAFeko langileak zuzenean kontratatzeari». Gaurko agerraldian gogoratu dutenez, «CAFek bere historia osoan izan duen eskarien zorro handiena dugu aurrean. Gainera, eskari esanguratsuak dira, eskakizun handiko merkatuetarako egindakoak. Dagoeneko hasi gara ikusten Beasaingo fabrikazio sail askotan horiek guztiek produkzio gaitasuna gainditzen dutela». Baina enpresa batzordearen ustez, «sail askotan langileen gabezia nabarmenagoa den bitartean, Zuzendaritzak langileak kontratatzeko aukerari ateak ixten dizkio eta hemen eta kostu baxuko herrialdeetan azpikontratazioa egitean aldeko apustu argia egin du kargen igoera horri aurre egiteko formula gisa».
Era berean, 2009. urtetik Beasaingo eta Irungo enpresan ez dela langileen kontratazio berririk egin nabarmendu nahi izan dute. «Orain, Zuzendaritzak Erresuma Batuan eta CAFeko hitzarmenetik kanpo dauden filialetan langileak kontratatuko dituela iragarri du. Gainera, beste 150 ingeniari kontratatuko dituela iragarri du. Oso ondo; albiste onak direla iruditzen zaigu. Baina produkzio zentro historikoetarako azpikontratazioa baino ez dute iragarri», esan dute.
Errelebo kontratua
Era berean, beharrezkoa ikusten dute, «datorren 2 urteotan errelebo kontratuarekin aurre erretiroa hartu beharko luketen 90 langileen bajak estali ahal izateko kontratazio berriak egitea. Tailerreko langileen bajak kolektibo bereko langileekin ordezkatzea eskatzen dugu; hau da, langile bat beste langile batekin». Altzairutegia Altzairutegiaren itxieraren kasuan, berriz, 2017ko urtarrilaren 1ean geldiarazteko «presio hori gainetik kendu» dutela eta «enpresak mugaegunik eta aurretiazko baldintzarik gabeko elkarrizketa prozesua irekitzea onartu» duela gogoratu dute. «Sekzio horretan inbertsioak eta hobekuntzak» egitea eskatzen dute.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.