Jan buzkantzak eta odolkiak, lehertu arte!
Buzkantza eta odolki garaia da Zumarragan eta Urretxun. Milaka jaten dira bi herri hauetan azaroko lehen hamabostaldi honetan. Joan zen astean pintxo lehiaketa eta Buzkantza Eguna egon ziren Zumarragan. Bihar,
Buzkantza eta odolki garaia da Zumarragan eta Urretxun. Milaka jaten dira bi herri hauetan azaroko lehen hamabostaldi honetan. Joan zen astean pintxo lehiaketa eta Buzkantza Eguna egon ziren Zumarragan. Bihar, berriz, San Martin eguna ospatuko dute bi herrietan. Odolki eta buzkantza usainak bi herriak hartuko ditu, noski.
Urretxun antolatutako ekitaldiei dagokienez, Aterpe jubilatuen elkartekoak izango dira odolkiak jaten lehenak. 13:30ean odolki eta tripaki pintxo dastaketa egingo dute. Arratsaldean, 17:00etan, dantzaldia egingo dute.
Gainontzeko ekitaldiak Iparragirre plazako karpan izango dira. 17:00etan haurrentzako jolasak (kaskarajokua, sokatira, zaku lasterketa…) eta txokolatada egongo dira.
Gainera, 17:00etatik 21:00etara Martintxo txerria ikusgai egongo da. Ordutegi horretan bi urdaiazpikoren zozketarako txartelak salgai egongo dira. 18:45etik 21:00etara, berriz, odolki pintxo dastaketa egongo da. 19:30ean Iparragirre Balerdi musika tailerrak eta Lizarriturri txistulari elkarteak kalejira egingo dute. 20:30ean San Martin auzoan joko dute eta ondoren Iparragirre plazara joango dira.
Bukatzeko, 21:00etan bi urdaiazpikoak zozketatuko dituzte. Txartelen salmentatik jasotako dirua gizarte laguntzara bideratuko dute.
Aginagako jaiak
Zumarragako Aginaga auzoan, berriz, San Martin jaiak ospatuko dituzte bihartik igandera bitartean. Bihar, 11:30ean, suziria piztuko dute festei hasiera emateko. Ondoren, 12:00etan, meza egongo da. 13:00etan ardiki eta buzkantza dastaketa egongo da eta 14:00etan auzoko jubilatuek bazkaria egingo dute.
20:00tan, berriz, herri afaria egongo da. Ardikiak eta buzkantzak egongo dira, nahi duten guztientzat. Afalostean, Olarte eta Elustondo trikitilariek joko dute.
Hurrengo ekitaldiak larunbat arratsaldean izango dira. 16:30ean benjamin eta kimu mailako haurrek pilota partidak jokatuko dituzte auzoko frontoian. Ondoren, 17:30ean, haurrentzako jolasak egongo dira. Mundu honetan buzkantza eta bestelako ardikiak ez diren jakiak ere badaudenez, 18:00etan txistorra egongo da helduentzat eta txokolate-jana haurrentzat. 19:00etan auzoko lehen toka txapelketa jokatuko dute. Larunbateko ekitaldiekin bukatzeko, 20:00etan afaria egongo da Oleta elkartean.
Parkearen inaugurazioa
San Martin jaiak igandean bukatuko dira. 11:00etan meza egongo da eta 12:00etan auzoko parke berria inauguratuko dute. Ondoren, bote luzea pilota modalitatearen erakustaldia egongo da. Bazkalaurreko ekitaldiekin bukatzeko, bertso eskolako kideek abestuko dute. 14:00etan herri bazkaria egingo dute, bertsolari eta trikitilariekin. Miren eta Agur trikitilariek egun osoan zehar joko dute.