Gizarteak gizonezkoen osasunaren inguruan kontzientzia hartzeko helburua du Movember mugimenduak. Azaroaren 26, Ordiziako Plaza Nagusian kanpaina amaierako jaia egingo dute.

Azaroan sartu eta bapatean gizonezko askok bibotea utzi dute. Batek baino gehiagok galdetuko zuen moda kontua ote den. Baina ez da moda, ez,
Movember iritsi da. Gaztelerazko
noviembre,
mover aditzarekin jolasean agian? Mugimenduaren hilabetea dela esan, esan daiteke bai.
Nick Knightentzat ordea,
Movember ez da inolako jolasa. Berak ere hilabete honetan bibotea uzteko ohitura du aspalditik, pixuzko arrazoi batengatik; gizonezkoetan agertzen diren minbizi mota ezberdinen aurkako kanpaina batengatik, prostatako minbiziaren aurkakoa batez ere. Ordizian 40 urte daramatzan britaniarra da Knight, eta Ordiziako
Movember mugimenduaren arima da.
Zer da Movember?
Gizarteak gizonezkoen osasunaren inguruan kontzientzia hartzeko batez ere, prostatako eta barrabiletako minbiziaren inguruan eta ikerketarako dirua biltzeko mundu mailako mugimendua da Movember. Ingelesezko
moustache (bibote) eta
november (azaroa) hitzen laburdura da. Gizartean geroz eta mugimendu ezagunagoa da, batez ere, mugimendu horri babesa ematen diotenek azaroan bibotea uztea dutelako ezaugarri. Dena den, hori baino gehiago da; mundu mailako mugimendua da eta Euskal Herrian ere indarra hartzen ari da.
Movember mugimendua 2003. urtean jaio zen Australian. Melbourneko hainbat lagunek bibotea uztea erabaki zuten, bibotea inork gutxik uzten zuen garaian, prostatako eta barrabiletako minbizia mahai gainean jartzeko asmoz. Hurrengo ur-tean, ehunka lagunek utzi zuten bibotea Australian eta Movember Fundazioa eratu zuten. Pixkanaka-pixkanaka, ekimena beste lurralde batzuetara zabaldu zen (Kanada, Zeelanda Berria, Erresuma Batua, AEB, Espainia) eta gaur egun mundu osoan zabalduta dago.
Helburuak

Iazko Movember kanpainako argazkia.
Movember mugimenduaren helburuak bi dira:; gizarteak kontzientzia hartzea eta diru bilketa. Kontzientziazioari dagokionez «gizonen osasunaz gizonekin eta emakumeekin hitz egiteaz ari naiz» dio Nick Knightek. «Gizonok osasun arazoak ezkutatzeko joera daukagula uste dut, bereziki prostatako edota barrabiletako gaitzak. Sei lagunetatik batek prostatako minbizia izan du edo izango du bere bizitzan zehar. Gai horretan oso garrantzitsua da gaitza garaiz antzematea, izan ere, garaiz antzemanez gero sendatu daiteke» gehitu du. Horretarako, osasun frogak «garaiz» egitea oso garrantzitsu dela esan du Knightek, eta gai horretaz «naturaltasun osoz» hitz egin behar dela, gizonak osasun frogak egitera animatu daitezen. «Kalean gizon askok galdetzen didate: Zergatik joango naiz ni urologoarengana? Behatza ipurdian sartuko dit!» jarraitu du Knightek, «frogak egitearen garrantzia ahaztuz». Gainera, «PSA froga egitearekin nahikoa izan» daitekeela erantsi du.
Ikerkuntza
Bartzelonako Montse Ferrer doktorearen taldeak Movember fundazioak finantzatutako ikerkuntza jarriko du abian lehenengo aldi. Espaniako pazienteak ere sartuko ditu ikerkuntzan; 11 herrialdeetako 5.000 pazientek parte hartuko dute.
Prostatako minbizi lokalizatua duten pertsonak ikertuko dituzte. Europako Batasunean, ge- hien diagnostikatzen den minbizi mota da. Tratamenduek, sarri, bigarren mailako ondorioak eragiten dituzte eta Ferrer doktorearen ikerketak, gaixoek herrialde ezberdinetan jasotzen dituzten tratamenduekin duten bizi kalitatea neurtu nahi du, horrela, etorkizunean gaixo horien eguneroko bizitza hobetu ahal izateko.
Ordiziako Movember mugimendua «oso pozik» agertu da azken albiste honekin eta «oso harro» daude Ordizian lortutako diru hori ere ikerketa horren zati izango delako.
Aurtengo ekintzak
Kanpainarekin bat egiteko moduetako bat azaroan bibotea uztea da. Urtez urte geroz eta indar handiagoa hartzen ari den ekintza da. Gainera, bibotearekin argazkia atera eta Ordizian merkataritza elkartearen Facebookeko orrian jarri daiteke. Emakumeen kasuan, imaginazioa erabiltzea eskatu dute eta parte hartzera ere animatu dituzte.
Bestalde, diru bilketa egiten ari dira; pegatinak, txapak eta boligrafoak salduta euro baten truke. Horretaz gain, herriko taberna eta dendetan itsulapikoak jarri dituzte. Diru ekarpena egiteko beste modu batzuk ere badaude; Laboral Kutxan ireki duten kontu korrontean dirua sartuta edo , Knightekin egon eta berari eskura emanda. Azkeneko bi modu horien bidez dirua ematen dutenek Iker Irribarriaren kamiseta baten zozketan sartuko dira.
Hilaren 18an, kantu bibotea egingo da, Larrun Harri elkartekoekin 19:30etik aurrera eta hilaren 22an eta 23an pintxo bibotea egingo dute. Garagunekoek, egun horretarako biboteak prestatuko dituzte. Hilaren 26an, larunbatean, kanpaina amaierako jaia egingo dute Ordiziako Plaza Nagusian. Facebookeko orrian argazkiak jarri dituztenen artean
Miss eta
Mister bibote sariak banatuko dituzte. Ondoren, bibotedunen familia argazkia aterako dute.