Urretxuk eta Zumarragak erakusleiho lehiaketa berreskuratu dute
Arcelor Mittalen itxiera dela eta, 2016a urte gogorra izan da Urretxu eta Zumarragarentzat. Merkatariak itxierak izan dezakeen eraginaren beldur dira eta udalek Gabonetako erakusleiho lehiaketa berreskuratzea erabaki dute beraiei apur
Arcelor Mittalen itxiera dela eta, 2016a urte gogorra izan da Urretxu eta Zumarragarentzat. Merkatariak itxierak izan dezakeen eraginaren beldur dira eta udalek Gabonetako erakusleiho lehiaketa berreskuratzea erabaki dute beraiei apur bat laguntzeko. Lehiaketa hau 2012an egin zen azkenekoz.
Erakusleiho lehiaketa atzo aurkeztu zuten Urretxuko udaletxean Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Rosa Maiza Zumarragako Ekonomiaren Sustapenerako zinegotziak. Zumarragako alkateak, arazo pertsonalak medio, ezin izan zuen parte hartu.
Lehiaketan Urretxu eta Zumarragako dendari guztiek parte hartu ahal izango dute (harakin, ile apaintzaile, albaitari eta bestelakoek barne). Ikastaro batean parte hartzeko aukera edukiko dute. Bi orduko bi saio izango dira, hilaren 14an eta 16an. Ikastaroan izena emateko, merkataritza bulegora jo behar da (Secundino Esnaola, 26) edo 943 53 40 85 telefono zenbakira deitu.
Lehiaketan izena emateko ere, bertara jo behar da edo zenbaki horretara deitu: hilaren 21etik 28ra bitartean. Epaimahaiak abenduaren 9tik 21era bitartean bisitatuko ditu erakusleihoak. Beraz, abenduaren 9rako prest egon behar dira. Erakusleihoetako argiak 21:30a arte piztuta egon beharko dira.
Epaimahaia Epaimahaia merkataritza teknikariak, Gipuzkoako Merkataritza Federazioko teknikari batek, udal teknikariek eta Argazkia elkarteko kide batek osatuko dute. Irudimena, originaltasuna, mezuaren eraginkortasuna eta estetika neurtuko dituzte. Bestalde, erakusleihoek Gabonekin lotura izan behar dute eta berauetan dendan saltzen diren produktuak egon behar dira.
Sari banaketa ekitaldia abenduaren 22an egingo dute, 13:30ean, Antioko interpretazio zentroan. Hiru sari banatuko dituzte. Irabazleak diploma, Bertatik Bertara produktuekin betetako saskia eta bi herrietako dendetan gastatzeko 200 euroko bonoa jasoko ditu. Bigarrenak diploma, saskia eta 100 euroko bonoa jasoko ditu eta hirugarrenak diploma eta saskia.
Gainera, parte hartzaile guztiek Urretxu eta Zumarragako merkataritzaren alde komunikabideetan egingo den kanpainan parte hartzeko aukera edukiko dute. Bukatzeko, Luquik eta Maizak herritarrei erosketak herrian egiteko eskatu zieten.