San Martin feria egin dute, gaur goizean, Zegaman. Herriko ganadu erakusketa eta lehiaketaz gain, Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko 18. Gazta Lehiaketa ere jokatu da. Araiako (Araba) Unai Lekuonak irabazi du, 211 punturekin. Bigarren Idiazabalgo Aranburu Elkartea izan da (208), eta hirugarren Munaingo (Araba) Zabaleta Kooperatiba. Lekuonak lehendabiziko aldiz irabazi du Zegaman; Aranburu 2005, 2006, 2007, 2010ean txapeldun izan zen, eta Zabaleta 2013an.
![Aranburu, Lekuona eta Ana Mari Lusarreta (Zabaleta Kooperatibakoa), Zegaman, gaur./Aimar Maiz](http://goierri.hitza.eus/site/files/2016/11/280056.jpg)
Aranburu, Lekuona eta Ana Mari Lusarreta (Zabaleta Kooperatibakoa), Zegaman, gaur./Aimar Maiz
Parke naturalarekin lotura duten 26 gaztagilek aurkeztu dituzte gaztak, lehiaketara. Epaimahikideen artean izan dira, besteak beste, Alberto Zerain mendigoizalea, Oihana Kortaza mendi korrikalaria, Zigor Urrutia Txoriene programaren aurkezlea, Seu d’Urgelleko eta Sant Sadurní d’Anoiako udal ordezkariak, eta Idiazabal Gazta jatorri izendapeneko kideak, Joxe Mari Uztarroz lehendakaria buru.
Zegamako ganaduzaleen artean, abere azienda bakoitzeko sariak ere banatu dituzte:
- Ardiak: Iroitz Etxeberria (Aitamarren baserria).
- Bildotsak: Joxe Migel Azurmendi (Uztarron).
- Ahuntzak: Ander Lasa (Koba).
- Pirenaika behiak: Belen Azurmendi (Arretxe).
- Behi nahasiak: Andres Zabaleta (Iruetxeta).
- Behi suitzarrak: Juanito Azurmendi (Uztarron).
- Zezenak: Jon Antia (Arretxe).
- Zaldiak: Iker Zubeldia (Txaratxipi).
- Etxe-behorrak: Jabier Arrondo (Amiñabarren)
- Mendi-behorrak: Ibai Aizpeolea (Aiztiberri).
![Zegamako ganaduzaleak, sariak jasota./A. Maiz](http://goierri.hitza.eus/site/files/2016/11/280043-300x200.jpg)
Zegamako ganaduzaleak, sariak jasota./A. Maiz
Aizkorri-Aratzeko gazta onenaren egile Unai Lekuonak Araiako Basalde baserrian du artegia, 2010ean eraikia. Aurretik, zazpi urtean Gasteizko Michelin lantokiko lanarekin uztartuz ibili zen artzaintza. Lantegia erabat utzi, eta gaur egun 500 bat buru ditu. Aitona eta birraitona artzainak zituen, eta hark berrekin dio berriz artzain lanari. 39 urte ditu, eta alabarekin igo da txapela hartzera.
![Aizkorri-Aratzeko gazta lehiaketako partaideak eta epaimahaikideak./A. Maiz](http://goierri.hitza.eus/site/files/2016/11/280053-300x200.jpg)
Aizkorri-Aratzeko gazta lehiaketako partaideak eta epaimahaikideak./A. Maiz
Esne guztia gaztatarako erabiltzen du. Lehenengo sari entzutetsua du Zegamakoa; aurretik, Araiako jaietan antolatzen den gazta lehiaketa ere irabazia zen, behin.
Gaurko lehiaketara gazta zuria ekarri du, ketu gabea, maiatzean egina. Ketzeko ohitura handia dute Araian ere, baina kerik gabekoaren aukera egin du. Udan artaldea Legaireko larreetan edukitzen du, Entzia mendilerroan, Araiatik hegoaldera.