Kulturarteko Topaketaren Astea azken txanpan da, Ordizian, Ordizia Kolore ekimenak antolatuta. Bihar bukatuko da. Gaur, hala ere, gastronomiarekin gozatzeko elkartu dira herrian bizi diren jatorri askotako hainbat bizilagun. Arroza jatorrizko lekuetako modu tradizional batera prestatzea zen aitzakia; arrazoia, elkar ezagutu, bakoitzaren aldeak aberastasun gisa barneratu eta kultura askotarikoak ulertzea.

Nepaldarrak./Aimar Maiz
Plaza Nagusian, 11:00etan, sei herrialdetako ordezkariak hasi dira arrozak prestatzen. Pakistango jatorria dutenek arroza oilaskoarekin ipini dute; Guatemalakoek gallo pinto erara, babarruna, matxo banana eta artirinezko taloekin lagunduta; Mexikokoek mexikar erara; Txilekoek arrain eta itsaskidun paella; euskaldunek paella, Mediterranoar erara; eta Nepalgoek arroza oiilasko masalarekin.

Arroza prestatzen hasten./A. Maiz
Sutan ondutako emaitza ordiziar guztiei eskaini diete gero, eta kultura aniztasunaz zipriztindutako platertxo goxoak barneratu dituzte.

Euskaldunak ere beren aletxoa jartzen./A. Maiz
Arratsaldean, Beti-Alai frontoian segiko du festak. 17:00etan, pakistandarrek kriket jokoa erakutsiko dute. Pakistango kirol nazionala da kriketa. Berez 11na laguneko bi talderen artean jokatzen da. Gutxiago direnez, eta zelai zabalaren faltan, erakustaldi esplikatua egingo dute. Urtean zehar, normalean Itsasondoko pilotalekuan elkartzen dira pakistandar jatorriko goierritarrak, asteburuetan, kriketean jokatzeko. Nepalgo eta Euskal Herriko dantzen erakustaldia ere egingo dute.

Plaza Nagusia, kulturak goxatzeko sukalde gaur./A. Maiz

Pakistandarrak, arroza oilaskoarekin egiten./A. Maiz