Gernikako lokaztian galdu da Ordizia
Basurdeak lokaztian moldatzen dira ondoen. Eta horixe izan zen Ampo Ordiziako jokalariek Gernikara egindako bisitan aurkitu zutena: erabat lokaztutako zelaia. Gogor saiatu ziren Wade Kellyren mutilak, baina bizkaitarrak gehiago izan ziren larunbateko derbian.
Valentin Cruz argenitarrak gauzatutako bi zigor kolperi esker, markagailuan aurretik jarri ziren ordiziarrak, baina 25. minutuan, basurdeen aurreneko entsegua iritsi zen; kolpea gauzatuta, aurretik jarri ziren etxekoak. Atsedenaldira iristerako, zigor kolpe bati esker lau puntuko aldea (10-6) lortu zuen Gernikak.
Bigarrenean, nahi eta ezin. Bizkaitarrek segituan entsegua egin zuten (17-6) eta Ampokoek intentsitatea galdu zuten. Saiatu, saiatu ziren, baina ez zuten partidari buelta ematen jakin, nahikoa lan baitzuten bizkaitarren eraso jokaldiak gelditzen. Horietako batean, 60. minutuan, iritsi zen etxekoen hirugarren eta azken entsegua. Azkenean, 24-6.
Asteburuko porrota ahaztu eta burua hurrengo partidan jarri nahi dute orain ordiziarrek. Bi aste barru izango da, Santboiana talde indartsuaren kontra. Astebeteko atsedena ondo etorriko zaie, lesioekin dauden jokalariak errekuperatu eta taldea ordenatzeko.














