Ordizian pertsona bat atxilotu dute, Altsasuko operazioarekin lotuta
Altsasuko gertakarien harira polizia operazio zabala egiten ari dira goizetik, eta hainbat lagun atxilotu dituzte; horietako bat Ordizian. Oraindik datu ofizialik ez badago ere, Hitzondo aldizkariak zabaldu duenaren arabera, 9 lirateke dagoeneko atxilotutakoak. Horietatik 4 Altsasun izan badira ere, Iruñean, Gasteizen, Agurainen, Ordizian eta Madrilen ere atxiloketa bana egin dituzte. Uneotan, Madrilera bidean dira atxilotuak.
Hainbat iturrik, urriaren 15ean Altsasuko Koxka tabernan izandako liskarrarekin lotu dituzte atxiloketak. Bertsio kontrajarriak zabaldu dira gertakari haien inguruan. Hasieran, 50 lagunek bi guardia zibil jo zituztela zabaldu zen, baina gero egindako informean, ez zela eraso planifikatua izan, eta ez zutela 50 lagunek parte hartu zehaztu zuten. Espainiako auzitegiek, ordea, terrorismo zantzuak ikusi dituzte balizko eraso horretan, eta egin duten txostenean, 12 izen leudeke –horietatik 9 dira gaur atxilotutakoak–.