Gerardo Rifon organo-jotzaileak Legazpin joko du
Azaroan Musika zikloaren baitan kontzertua egingo du parrokian
Azaroan Musika zikloa aurrera doa eta datorren igandean, azaroak 20, Gerardo Rifon (Donostia, 1962) organo-jotzaileak kontzertua egingo du Legazpiko parrokian. Kontzertua 19:00etan izango da eta Gipuzkoako Organojoleen Elkarteak antolatu du.
Rifon Donostiako San Inazio elizako organo-jotzailea da 1980. urtetik; bertan, E. F. Walcker organo bat daukate, marka hori organoen munduan esanguratsua da.
Rifon haurra zelarik hasi zen musika ikasten Mariaren Bihotza ikastetxean. Eskolako eskolanian parte hartu zuen eta Aita Sierra organo-jotzailea irakasle izan zuen. Donostiako Musika Kontserbatorioan jarraitu zituen ikasketak Baionara (Lapurdi) iritsi arte. Baionan Madame Bernardette Carrau irakaslearekin ikasi zuen eta 1995ean Medaille d’ Or (Urrezko Domina) lortu zuen.
Egun, San Inazio elizako organo-jotzailea izateaz gain, bakarka nahiz taldeka kontzertuak egiten ditu. Donostiako Orfeoiarekin ere aritzen da organo-jotzaile lanetan.