Iratzarri emakumeen elkarteko kideek ikasturtean zehar egindako eskulanekin erakusketa irekiko dute Legazpiko Kultur Etxeko areto nagusian azaroaren 21ean, astelehenarekin. Erakusketa zabalik egongo da 25era arte. Eskulan bilduma ikusteko ordutegia honakoa da: astelehenetik ostiralera 17:30etik 20:30era.
Iratzarriko kide Victoria Andresek aditzera eman duenez, «erakusketan Iratzarriko tailerretan egiten ditugun eskulanak erakutsiko ditugu». Josteko tailerra urte osoan zehar zabalik dago; euskarakoa ere bai. «Aurten ingeles tailerrarekin hasi gara eta ingelesa ikasten ari dira gure bazkideak», dio Andresek. Ingeles ikasgela urte osoan irekita egongo da.
Margolaritza tailerra eta beste hainbat tailer ez dituzte urte osoan egiten. «Astelehenean, hilaren 21ean, lanak jaso eta erakusketaren muntaia egingo dugu. 30-35 kideren lanak jarriko ditugu», amaitu du. Gaur-gaurkoz 300 bat kide ditu Iratzarrik.