Jakintza ikastolako ikasleek egindako sei laburmetrai aurkeztu dituzte lehiaketara. Herritar guztiek ikusi ditzakete lanak eta bozka eman. Sari banaketa abenduaren 10ean egingo dute
Joxi Iturriotz zinegotzia eta Dar-Dar produkzioetako Zinkunegi anaiak, atzo. // Argazkia: Ariane Vierbücher
Dar-Dar Produkzioak taldeak antolatutako giza eskubideen nazioarteko laburmetrai lehiaketa azken txanpara iritsi da, eta datorren astean aurkeztutako lanak ikusi eta onena aukeratu ahal izango dute ordiziarrek.
Laburmetrai lehiaketa
Giza eskubideak herrira proiektu zabalaren atala da. Dar-Dar Produkzioak taldekoek atzo aurkeztu zituzten Barrena kultur etxean egitasmo horren barruan aurten Ordizian aurrera eramandako ekintzak, lehiaketa hori tartean.
Laburmetrai lehiaketa
Otsailaren 20an, Justizia Sozialaren Munduko Egunean, aurkeztu zuten Ordiziako Herri Antzokian
Giza eskubideak herrira nazioarteko laburmetrai lehiaketa. Lehiaketak abenduaren 10era arte iraungo du.
Antolatzaileek 32 herrialdetatik iritsitako 130 laburmetrai jaso dituzte. Goierriko hainbat lan ere jaso dituzte; Jakintza ikastolatik bidalitako sei hain zuzen. Jasotako lanak astero proiektatu dituzte Ordizian zine programazioaren barruan, ohiko filmaren aurretik.
Orain, Ordiziako eragileekin elkarlanean, parte hartze prozesu bat irekiko dute finalistak aukeratzeko. Hiru emanaldi egingo dituzte Herri Antzokian: bihar eta etzi eta datorren astelehenean, 10:00etan, 16:00etan eta 19:00etan. Laburmetraiak ikusi ondoren, lan onena bozkatu ahalko da. Finalistak hortik aterako dira. Herritar guztiak gonbidatuta daude.
Finala eta sari banaketa abenduaren 10ean izango dira Herri Antzokian.
Giza eskubideak herrira
Topaguneen eta komunikazioaren bidez, giza eskubideen inguruan sentsibilizatzea da
Giza eskubideak herrira 2016 proiektuaren ardatza. Bi atal ditu egitasmoak: proiektua bere osotasunean garatuko den tokiko eragileekin elkar lanean, herritar guztientzako ekintzak, jarduerak edo programak alde batetik; eta, bestetik, antzerkiaren laguntzaz giza eskubideen lanketa ikastetxeetan.
Ordiziako ikastetxeetan 954 ikaslek hartu dute parte. Proiektuak ikasleen familiak ere kontuan izan ditu eta ikasleen 550 familia ingurura iritsi da. Ikastetxeetan landutako material pedagogikoaren bidez, ikasleen familietan giza eskubideen inguruan gogoeta eta hausnarketa bultzatu dute. Ekintza hori apirila eta maiatza bitartean burutu zuten, eta guztira 3.500 pertsona inguruk hartu zuen parte.
Dar-Dar, artea eta gehiago
Gizarte ekimenezko kooperatiba bat da Dar-Dar Produkzioak. Artea, kultura eta gizarte ekintzaren bidez inguruko beharrei eta behardunei erantzuteko kezka eta konpromisoa dute.
Une honetan, «herrietan daukagun aniztasuna azalera ateratzeko asmoa» dute eta «arazoa izan daitekeena aukera bihurtzea» dute helburu. Elkar ezagutzaren eta onarpenaren bidez, integrazioa eta kohesio soziala bermatu nahi dituzte eta horrekin batera, giza eskubideen inguruan, herritarrak sentsibilizatu eta hezi.