Jon Maroto omenduko dute etzi Zumarragako Zelai Arizti aretoan
Ostiralean, 22:30ean, Jon Maroto mendizale urretxuarra omenduko dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Bere bizitza laburbiltzen duen 12 minutuko bideoa prestatu dute eta ondoren Bilbao Mendi Film Festival jaialdiko bi lan
Ostiralean, 22:30ean, Jon Maroto mendizale urretxuarra omenduko dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Bere bizitza laburbiltzen duen 12 minutuko bideoa prestatu dute eta ondoren Bilbao Mendi Film Festival jaialdiko bi lan emango dituzte. Sarrerak 5 euro balio du.
Maroto mendizale sutsua zen eta adrenoleukodistrofiak jota hil zen uztailean. Ordurako, bere lagunak omenaldi hau prestatzen ari ziren.
Gattiken enpresak Marotoren bizitza laburbiltzen duen 12 minutuko bideoa prestatu du, bere lagun eta senitartekoek emandako 500dik gora argazki eta bideoekin. Bideoa eman ondoren, bere senitartekoek abesti batzuk joko dituzte.
Bukatzeko, Bilboko mendiko zinema jaialdiko bi dokumental emango dituzte: Eclipse eta Jeff Lowe’s Metanoia. Eclipse Salomonen eskiatzaile taldeari buruzkoa da. Bigarren pelikulako protagonista, gaitz bat duen mendizale bat da.
Ekimena atzo aurkeztu zuten, Zelai Arizti aretoan. Aurkezpenean Mendi Tour egitasmoko Aitor Elduaienek, Josu Marotok eta Mikel Serrano alkateak parte hartu zuten.
Ormazabaldarren laguna
Bere lagunek maitasun handiz prestatu dute omenaldia. Bultzatzaileetako bat Andoni Ormazabal da, Himalaian hil zen Xabi Ormazabalen anaia. «Jon oso lagun ona nuen. Harreman berezia genuen. Izan ere, Xabiren bitartez ezagutu nuen. Bien artean harreman berezia zegoen. Sokakideak eta lagunak ziren».
Xabiren heriotzak bere anaia eta Maroto betirako lagun egin zituen. «Xabi joan zenean, biok oso hutsune handia nabaritu genuen. Jon oso pertsona berezia zen eta gure etxean asko maitatzen genuen».
Ormazabalek makina bat mendi irteera egin zuen bere anaiarekin eta Marotorekin. «Anekdota asko bizi izan genituen elkarrekin. Gehien gogoratzen dudana, bien bizitzeko modua da. Bizizale hutsak ziren. Sekula ez zuten etxera itzultzeko presarik. Pirinioetatik bueltan, Esako termetan gelditzea gustatzen zitzaien. Beti. Nahiz eta berandu izan».
Errietaldiren bat ere izan zutela gogoratzen du. «Ez ziren oso arduratsuak. Mendian oso ondo moldatzen ziren, baina eskolan… Berandutzen bazen, ez zitzaien inporta astelehenean eskolara ez joatea. Oier Plazaola eta biok, ordea, lanera joan behar ginen! Igandetan errieta batean ibiltzen ginen. Behin, Pirinioetako Billare mendian, ekaitzak harrapatu gintuen. Atertu zue-nean, lehenbailehen jarraitzea proposatu nuen, igandea baitzen eta hurrengo egunean lanera joan beharra bainuen. Beraiek, ordea, lasai hartzeko esan zidaten. Nahi zutena egiteko esan nien eta ni gailurrera bidean irten nintzen».