Urola, Goierri… eta orain Urretxu Cricket Club
Urretxu eta Zumarragako bi kirol talde nagusiei, Urolari eta Goierriri, hirugarrengo bat gehitu zaie: Urretxu Cricket Club. Bi herrietan bizi diren pakistandarrek sortu dute eta dagoeneko kopa batzuk irabazi ditu.
Urretxu eta Zumarragako bi kirol talde nagusiei, Urolari eta Goierriri, hirugarrengo bat gehitu zaie: Urretxu Cricket Club. Bi herrietan bizi diren pakistandarrek sortu dute eta dagoeneko kopa batzuk irabazi ditu. Azken urteetan pakistandar dezente etorri dira Urretxu eta Zumarragara bizitzera. Eta pakistandarrak non, kriketa han. Munduko bazter honetan futbola da nagusi, baina Pakistanen eta Indian kriketa da kirol nazionala. Hala, hona heldu eta berehala pakistandarrak kriketean jokatzen hasi ziren. Urretxuko Udalari laguntza eskatu zioten eta kluba sortu zuten. Ikastolaren futbol zelaian entrenatzen dute, baina ezin dituzte partidarik antolatu, partidak jokatzeko zelai handiagoa behar baita. Hala ere, dagoeneko garaikur batzuk irabazi dituzte. Donostia, Eibar, Bergara, Azpeitia, Azkoitia eta Gasteizko taldeen aurka jokatzen dute.
Aurten bi txapelketa jokatu dituzte. Horietako batean finalerdietara heldu ziren eta bestean finalera. «Finala azpeitiarren aurka jokatu genuen eta azpeitiarrek Bartzelonatik jokalariak ekarri zituztelako galdu genuen», azaldu du Mohamed Omarrek.Geroz eta talde gehiago daudela dio pakistandar gazteak. «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan talde dezente daude eta liga bat antolatzen dugu, baina guk ezin dugu partidarik antolatu zelairik ez dugulako. Ea zelai txukun batean jokatzeko baimena lortzen dugun».
Jokalari gehiago behar
Urretxu Cricket Clubak hamabost bat jokalari ditu, denak pakistandar jatorrikoak. Futbolean bezala, kriketean talde bakoitzak hamaika jokalari ditu.
Hori dela eta, gustura hartuko lituzkete jokalari gehiago. «Hemengo mutikoei ikastaroa eman nien, baina inor ez da animatu oraindik kriketean jokatzera: zelairik ez dugu, hemen beste kirol batzuek ospe handiagoa dute… Dena den, gure taldeko ateak zabalik daude. India, Bangladesh eta Ingalaterrakoak ere besoak zabalik hartuko ditugu. Izan ere, herri horietan ere kriketean jokatzen dute», amaitu du Omarrek.