Etxe bereko odola
Odola ematea ekintza librea, borondatezkoa, doakoa, anonimoa, elkartasunezkoa eta arduratsua da. Librea, norberak erabakitzen duelako ematea. Borondatezkoa, norberak erabakitzen duelako noiz eman, ...
Odola ematea ekintza librea, borondatezkoa, doakoa, anonimoa, elkartasunezkoa eta arduratsua da. Librea, norberak erabakitzen duelako ematea. Borondatezkoa, norberak erabakitzen duelako noiz eman, jakinik dohaintza beti izango dela baliagarria. Doakoa, ordainez ez delako dirurik jasoko, ekintza on bat gauzatzeak ematen duen poztasuna bakarrik. Odola ezin daiteke tratatu merkantzia bat balitz bezala, eta ez du inoiz izan behar salmentako edo dirua irabazteko objektu. Anonimoa, ez delako jakingo nor baliatuko den egindako dohaintzaz, baina bai premia daukan gizakiren batek hartuko duela. Elkartasunezkoa, dohaintza horri esker, beste komunikazio eta elkartasun era bat ezartzen delako gizakien artean. Eta arduratsua, erantzukizunezko ekintza bat delako.
Axun Goikoetxea eta Migel Angel Amenabarro senar-emazteak dira eta Legorretan bizi dira. Orain dela 42 urte hasi ziren odola ematen Legorretan bertan. «1974an etorri ziren lehenengo aldiz Legorretara odol ateratzeak egitera, eta orduan hasi nintzen odola ematen», argitu du Goikoetxeak. «Haiek etorriko ez balira, agian ez ginateke hasiko odola ematen» gehitu du Amenabarrok. Angel, Axun baino bi hilabete beranduago hasi zen.
Are gehiago, Manex eta Zelai, Axun eta Migel Angelen seme-alabak dira eta haiek ere odola ematen dute aspalditik. Unibertsitate garaian hasi zen Manex, «Arrasaten ikasten hasi» zenean.«Oso prozesu naturala izan zen guretzat», argitu du alabak. «Gurasoak beti ikusi izan ditugu odola ematen, hortaz ez da harritzekoa gu ere odol emaileak izatea», gehitu du. «18 urte beteta» hasi zen Zelai ere odola ematen. Anaia bezala, unibertsiatetan hasi zenean eman zuen odola lehenengo aldiz.
Amenabarro-Goikoetxea familia, odol-emaile finak izan dira urte hauetan guztietan. Gutxitan egin dute kale, eta horregatik, urrian, Goierriko odol emaileek Olaberrian egin zuten festan, domina jaso zuten Axunek, Manexek eta Zelaik. 25 odol emate baino gehiago egiteagatik jaso zuten domina seme-alabek. Amak, berriz, odol ematen hasi zenetik 100 ateraldi baino gehiago egin ditu eta horregatik, intsignia berezia jaso zuen. Senarrak, joan den urtean jaso zuen errekonozimendu hori. Familiako lauren artean kalkulua egin, eta odola ematen hasi zirenetik 132 bat litro eman dituzte.
Ematearen garrantzia
Odola ezin da fabrikatu, hortaz, behar duenak, norbaitek eman duelako eskuratu dezake. «Jendea batzuetan ahaztu egiten da odola emateak duen garrantziaz», adierazi du Axun Goikoetxeak. «Edozeini odola jasotzeko eskubidea duen galdetzen badiot, mundu guztiak baietz erantzuten du. Eta odol hori nola eskuratuko duten galdetzerakoan, orduan konturatzen da jendea zein garrantzitsua den odola ematea» erantsi du. «Jende guztiak uste du behar izanez gero jasotzeko eskubidea duela, baina oso jende gutxik pentsatzen du eman eman egin behar dela, ondoren guztiok jaso ahal izateko» nabarmendu du Migel Angel Amenabarrok.
Legorretako elkartea
Legorretako odol emaileen elkartea 1974 urtean sortu zen eta egun, 180 bazkide ditu. Axun eta Migel Angel elkarteko gidaritzan daude, orain urte batzuetatik hona. Urtean 3 ateraldi egiten dituzte, eta aldi bakoitzeko, jende berria dute odola ematen. Azkeneko aldian «sei pertsona berri» agertu zirela eta, «oso pozik» daude. Legorretan, 100-110 bat pertsona joan ohi dira odol ematera. Urteko hirugarren odol-ematea izan zen urrian, eta, urteko datu guztiak kontuan hartuta, 288 odol-emate izan dira, eta horietatik hamazazpi berriak. Legorretan duen biztanle kopuruarentzat –1.500 inguru–, Gipuzkoako batekoz bestetik dagoen herria da.
20.000 bazkidetara heltzea da Gipuzkoako Odol Emaileen erronka
Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartea 1964ean sortu zen. Egun, 72 ordezkaritza ditu eta odola emateko sustapen lanetan ari diren 400dik gora laguntzaile. Elkartea sortu zen garai hartan, odola behar zutenek erosi edo gertukoek ematea lortu behar zuten. Gipuzkoan, lanera etorritako kanpoko jende asko zegoen, eta gertuan, ez zuten odolik emateko seniderik edo lagunik. Hori horrela izanda, eta zegoen odol beharragatik, erizain talde bat hasi zen gaixoei eta behar zutenei odola ematen. Beharrak asetzeko ez zen nahikoa ordea, eta erizain haiek, inguruan zuten jendea odol emaile egitera animatu zuten, eta baita lortu ere. Pixkanaka-pixkanaka, jende gehiago batu zitzaien, elkartea sortu zuten arte. 1964koa da lehenengo akta. Eskuratzen zen odola tuberkulosiaren aurkako ospitalarentzat izatea izan zen elkarte bezala hartutako lehenengo erabakia. Gipuzkoa mailan gaixo gehien biltzen zituen ospitalea zen hura.
Gaur-gaurkoz, Gipuzkoan 18.000 odol emaile daude. Sabin Urzelai Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko presidentearen arabera, «20.000ra heltzea nahiko» lukete. Bakoitzak, odola, urtean behin edo bitan emango balu, «31.000 odol emate lortuko» lituzkete. Gipuzkoak, urte oso batean dituen beharrak asebetetzeko nahikoa litzateke. Gainera, odol emaile kopuru horrekin, edozein urgentzia sortuz gero ere, odol beharra asetuta egongo litzateke. Kopuru horietara heltzeko, emaile bakoitzak, urtean eman dezakeen guztietan eman beharko luke (3 aldiz emakumezkoek eta 4 aldiz gizonezkoek).
Gipuzkoako odol bankuaren egoera «nahiko ona» dela dio Urzelaik. Aspaldi odola ematen hasi zen jendeak, «ematen jarraitzen» duela esaten du Gipuzkoako Odol Emaileen presidenteak eta «pixkanaka, elkartean jende gazte berria sartzen ari» dela. Emaileen adinari dagokionez, 18 eta 25 urte bitarteko emaileen proportzioa, gainontzeko adin tarteetekin alderatuta, bikoitza da. Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak «30 urte ingurura heltzean, batzuk odol emateari utzi egiten» diotela sumatu du, baina hala ere, urteetara «berriz ere» bueltatzen direla ohartu dira, «35-40 urtera heltzean, hain zuzen ere» . Elkartearen erronketako bat, «adin horretan dagoen jendeak odol emateari ez uztea» da eta hori horrela izateko «lanean» ari dira.