Hasi da Zeraingo Etorkizuneko Herri Txikiak kongresua
Loli Gonzalez ZerainLabeko lehendakariaren, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako Lehendakariaren eta Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren hitzaldiek eman diete hasiera Zeraingo Etorkizuneko Herri Txikiak nazioarteko kongresuari.
Zeraingo Eliza Euskal Herriko eta atzerriko herri txikietako ordezkariez bete da, herri txikien etorkizunaz eztabaidatzeko.
Goizeko lehenengo orduan, Komunitate bizitza XXI. mendean: sustraiak eta etorkizuneko erronkak gaiaz eztabaidatu dute Jon Sarasuak (Mondragon Unibertsitatea), Enrique Aierbek (Elkarbizi elkartea) eta Joseba Azkarragak (EHU), Elixabete Garmendia moderatzaile zutela.
Bigarren atalean, landa garapenaren erronkak aztertuko dituzte Gaizka Arangurenek (Kazetaria eta Labrit Ondareko zuzendaria), Mixel Berhocoirigoin (Euskal Herriko Laborantza Ganbara), Miren Urkixo (EHU) eta Jaime Izquierdok (Idazlea).
12:45etik aurrera, Europako bi herri txikiren kasuak azalduko dituzte, Irlandakoa eta Suitzakoa. Bazkalondoren berriz, 15:30ean hasita, Ibon Gaztañazpik Euskal Herri osoko hamabost esperientzia ezagutzeko aukera izango da: Abaltzisketa, Aia, Aniz, Añana, Arroniz, Atxondo, Banka, Beizama, Leartiker, Villanueva de Santo Adriano (Asturias), Xiberoa Herri Elkargoa, Esa eta Zerain.
Iluntzean, 19:30etik aurrera, pintxo potea egingo dute trikitilariek eta Goierriko bertsolari gazteek lagunduta.
Bihar, goizean, etorkizuna irudikatuko dute taldeka. Ondoren, 14:00etan, herri bazkaria egingo dute eta 17:00etan, bertso saioa, Iñaki Muruarekin eta Sustrai Colinarekin. 18:00etan, berriz, Goierriko hainbat herri txikiren arteko herri kirol desafia eta Dantzaldi taldearekin erromeria izango da.