Asfaltoan metro gutxiago eta belarretan gehiago egin beharko dituzte txirrindulariek . 09:45ean hasiko da proba Master mailakoekin; elitekoak eta 23 urtez azpikoak 12:30ean hasiko dira
Igandean, 09:45etik aurrera, II. Beasaingo Ziklo Kros Sari Nagusia jokatuko da Loinatz au-zoan egokitutako 2.605 metroko ibilbidean. Loinatz Txirrindulari Elkartekoek ibilbidea aldatu egin dute iazkotik; luzeagoa izango da gainera: «Belar gehiago sartu nahi izan dugu, asfaltoko ibilbidea gutxiagotuz. Ibilbide gogorra eta ikusgarria da», dio Iñigo Arangurenek.
Master mailako korrikalariak izango dira irtetzen lehenak, 09:45ean, Antzizar kiroldegiaren aurreko aparkalekutik. Besteak beste, Jon Urteaga, Urko Barriola, Jon Ormaetxea, Jokin Mujika, Oinatz Munduate eta Xabier Mendiaraz izango dira parte hartzaileen artean. Jarraian, 10:45ean, kadete mailakoak aterako dira. Ruiz de Arkaute eta Ibañez arabarrak dira faboritoak. Goierritarren artean, Inoxcra-Beasain taldeko Andres Arratibel, Aimar Aiestaran, Adur Barandiaran, Beñat Osoro, Joanes Telleria eta Enekoitz Azparren izango dira.
11:30ean juniorren txanda izango da. Xabier Murias bizkaitarra da lasterketa irabazteko faboritoa eta bost goierritar ere lehian ariko dira: Aitor Garmendia, Jokin Izagirre, Arkaitz Sukia, Mikel Barandiaran eta Xabier Berasategi.
Elite eta 23 urtez azpikoen lasterketarekin (12:30ean hasita), amaituko da igandeko proba. Aitor Hernandez, Ismael Esteban, Asier Arregi, Joseba Leon eta Edu Jimenez ataundarra dira faboritoak. 23 urtez azpikoetan, berriz, Jokin Alberdi eta Jon Municha. Goierritarrik ez da izango.
Emakumezko gutxi izango dira igandean Beasain, Eider Merino eta Olatz Odriozola.