Iztueta esnetegiak jogurt aukera ugaritu du, diseinu berrituarekin
Lazkaoko Iztueta etxeak esnekien eskaintza berria aurkeztu zuen, atzo, Lazkaon. «Aurpegi berriarekin», baina tradizioa eta berrikuntza uztartuta itxura berrituta aurkeztu dute Ainitze Salak eta Marije Intxaustik.
Jogurt aukera zabaldu dute, esate baterako. Arabarba barazkidun jogurta sortu dute, eta jogurt krematsuen artean gaingabetua ere atera dute. Jogurtez gain, esne pasteurizatua (2004tik), esne osoa eta gaingabetua (1995etik poltsetan eta 2009tik kaleko makinetan ere eros litekeena) eta izozki gama ere badute, bost zaporetan.
Iztuetako esneki produktuak diseinu berriarekin ari dira merkaturatzen, jada. «Orain dela denbora bat arazotxoak izan genituen Pastoret multinazional katalanaren salaketarekin, eta hilabete batzuetan merkatutik kendu behar izan genituen produktuak. Berriz ere dendetan dira gure esnekiak», azaldu du Salak. Beren merkatu-filosofiak ekoizpen txikia eta salmenta zuzena izaten segitzen duela dio.
Bertako jakiei babesa
Intxaustik Iztuetaren historia gogoratu du, eta 1740tik «belaunaldiz belaunaldi transmisioak» izan duen garrantzia ere bai.
Markina-Xemeingo Leaktiker teknologia-zentroarekin elkarlanean ari da Iztueta. Alina de Castro albaitariak aipatu du nola kontrolatzen dituzten larreak, behiak eta esne kalitatea, ekoizpen prozesu osoa bertan eginda.
Idoia Noain nutrizionistak esnekien elikadura eta gastronomia balioak goraipatu ditu.