Jabier Otaegiren ama, alarguna eta hiru-seme alabak, gaur eguerdiko aitortza ekitaldian. Arg. I. Gurrutxaga
Joan den maiatzaren 7an Zegamako Orkatz abesbatzak eta Sant Sadurniko abesbatzak Zegamako San Martin elizan eman zuten kontzertua zuzentzen ari zela bihotzekoak jota hil zen Jabier Otaegiri esker oneko herri aitormena egin diote gaur eguerdian Zegaman. Otaegi oso pertsona maitea zen herrian, eta musikaren alde lan itzela egin zuen. Umetatik txistua jo zuen eta 14 urterekin parrokiako organoa jotzen hasi zen. Gainera, herriko txistulari taldea zuzendu zuen eta Orkatz abesbatzaren eta Tobera musika eskolaren bultzatzailea izan zen. Hiru hamarkadatan zuzendu zuen abesbatza. Bi legealditan kultura zinegotzia ere izan zen, 1991tik 1995era eta 2003tik 2007ra. Gertaera hark samin handia eragin zuen Zegaman.
Sei hilabete pasatu dira harrezkero, eta Otaegiri herriaren alde egindako lan guztia eskertu nahi izan diote Zegamako Udalak, elkarteek eta hainbat herritarrek. Eliza aurreko kioskoan elkartu dira, eta ondoren kalejira egin dute Sakristauenetik familiaren etxera, eskolara eta udaletxera. Handik udaletxe aurrera joan dira, eta ekintza instituzionala egin dute. Otaegi zenaren amaren, eta haren alargun eta hiru seme-alaben aurrean, Joseba Izagirre alkateak hartu du hitza, eta adierazi du uztailaren 11n erabaki zuela udalbatzak ekitaldi hori antolatzea. Atzean zituen hainbat urtetan Zegamako udal hautetsi izan diren ordezkariak ere.
Otaegiren herrigintza eta kulturgintza
Izagirrek Jabier Otaegiren “herrimina eta herrigintza, kultur-mina eta kulturgintza” ekarri ditu gogora, baita Zegamarekiko izan zuen “konpromiso politikoa” ere. Bildutako guztien izenean, Iker Zubeldia bertsolariak jarritako bi bertso irakurri ditu alkateak, eta haren ondoren, oroigarri batean eman dizkie Otaegiren senideei.
Segidan kultur etxearen aurreran elkartu ziren ekitaldian parte hartu dutenek, eta Zubeldiaren bi bertsoak abestu dituzte denen artean. Otaegiren amak hitza hartzeko adorea ere izan du, eta eskerrak eman dizkie inguratutako guztiei. Elena Arizkorreta alargunak eta Joseba Izagirre alkateak erakutsi dute kultur etxean jarritako plaka berria, eta ondoren, kantu saio bat egitera abiatu dira denak San Martin elizara. Bazkari batean bueltan emango diote jarraipena egunari.
Iker Zubeldiaren bertsoak
Jabier Otaegiri
Laino artetik zerura doa
gure ahotsen norantza
guk nahi baino lehen gelditu baitzen
erlojuaren orratza
ezpain ertzetan dastatu gendun
begi umelduen gatza
Jabi, handia izan zen hemen
utzi zenuen lorratza
harrotasunak aterako du
sartu zenigun arantza
eman zenigun ondarea da
herrigintzaren ardatza
nola Tobera musika eskola
eta Orkatz abesbatza
zuk sortu eta gure malkoez
ureztatzen den baratza
Halabeharrez ustekabean
adiskide bat galtzean
sentimenduak loratzen dira
egoeraren beltzean
ostiralero gurekin zaude
kantari Kultur Etxean
organu hotsak salatu zaitu
berriz igande goizean
txistularien goiz eresian
zabiltza noraezean
koru txikiko ahots eztiak
entzundako bakoitzean
gure kriseilu bihurtzen zera
oroitzapenen leizean
hamaika aldiz piztuko zera
herritarren bihotzean
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.