Bertako robotak
Hank robot baten izena da. Robota dela eta zein izen duen ikusita, Amerikako Estatu Batuetakoa (AEB) dirudi, baina ez: goierritarra da. Hemen ere ...
Hank robot baten izena da. Robota dela eta zein izen duen ikusita, Amerikako Estatu Batuetakoa (AEB) dirudi, baina ez: goierritarra da. Hemen ere badakigu robotak egiten eta bere izenak euskal jatorria du gainera: Hank hanka hitzetik dator. Gutxitu fisikoei eta errehabilitazioa egin behar dutenei ibiltzen lagunduko diete.
Duela aste batzuk aurkeztu zuten. Europan egindako lehen exoeskeletoa da. Jantzi daitekeen robot bat da. Janzten duenak robotari aginduak ematen dizkio eta honek gaixoaren hankak martxan jartzen ditu.
Robot hau Goierri garaiak 2011n arlo soziosanitarioaren alde egindako apustuaren emaitza ikusgarriena da. Exoeskeletoak etorkizun handiko produktuak zirela ikusi zuten eta Japoniako enpresa batekin harremanetan jarri ziren. Japoniarrek hemen errehabilitazio zentro bat irekitzea nahi zuten. Baita japoniarren produktuak Europan eta Hego Amerikan zabaltzeko kontzesioa lortu ere. Baina japoniarrek bete ezin ziren baldintzak jarri zituzten.
Azkenean, Gogoa enpresa sortu zuten eta exoeskeletoak hemen bertan egiten hasi ziren. Carlos Fernandez enpresako zuzendariak azaldu du enpresa nola sortu zen. «RealiZe ingeniaritza eta aholkularitza enpresako bazkidea naiz. Uggasa garapen agentziarekin lan egiten genuen arlo soziosanitarioa bultzatzeko, eta Bostoneko errehabilitazio zentro batean exoeskeleto bat ikusi genuen. CSICek (Espainiako ikerketa zientifiko zentroak) egindakoa zela esan ziguten eta beraiekin harremanetan jarri ginen. Hala, hitzarmen bat sinatu genuen. Goierri garaiko norbaitek exoeskeletoak ekoizteko aukera sortu zen eta, inor animatzen ez zenez, guk geuk heldu genion erronkari».
Enpresen inplikazioa
Ordutik, prototipoa prezio egokian merkaturatu daitekeen produktua bilakatzeko lan egin dute. Gainera, Goierri garaiko hainbat enpresa inplikatu dituzte. «Gure poltsikotik diru asko jarri dugu. Bestalde, merkaturatzeko produktuak dituzten enpresei laguntzeko Europako programa batera aurkeztu ginen eta gure proiektua onartu zuten. 270etik 15 bakarrik onartu zituzten».
Exoeskeletoek etorkizuna dutela uste du. «Aitzindariak gara, baina ikerketa guztiek merkatua dagoela diote. Izan ere, biztanleria zahartzen ari da, eta geroz eta iktus gehiago daude. Milioika bezero potentzial egongo dira, baina oraindik ez dago eskaerarik», azaldu du Fernandezek.
Munduko beste toki batzuetan exoeskeletoak saltzen hasi dira dagoeneko. «Gogoa Europako lehen exoeskeleto ekoizlea da. Beste herrialde batzuetan prototipoak garatzen ari dira oraindik. Gure lehiakideak AEBn eta Japonian daude. AEBetako armadak diru asko jarri du exoeskeletoak garatzeko, hauen laguntzarekin soldaduek bizkarrean 150 kiloko pisua eraman baitezakete edo 100 kilometro egin ia nekatu gabe. Armadatik mundu zibilera pasa dira. Dagoeneko lau enpresak ekoizten dituzte exoeskeletoak. Urtean 65 bat saltzen dituzte, baina burtsan kotizatzen dute jada. Japoniako enpresak ez ditu exoeskeletoak saltzen, alokatu baizik. Honek ere burtsan kotizatzen du eta 2.000 milioi dolarreko balioa du Tokioko burtsan. Han 1.000 exoeskeleto inguru daude».
Goierriko exoeskeletoa guztietan arinena da, eta aldapak eta eskailerak igotzeko balio duen bakarra da. 60.000 euro balio du, baina etorkizunean exoeskeleto asko ekoiztea eta prezioa 20.000 eurotara jaistea espero dute.
Gogoak lau egin ditu jada. Bat Urretxun dago, gutxitu fisikoen eta ospitaleen eskura, proba dezaten. Nafarroako Adacen elkarteak bat erosi du eta Aita Menni ospitalea beste baten erosketa negoziatzen ari da. Hank-en estatu mailako aurkezpena abenduaren 1ean izango da, Iruñean.
Exoeskeletoen eskutik lanpostu berriak sor daitezke Goierri garaian. Egunen batean robot asko ekoizten badira, muntaketa lana egiteko jendea beharko da. Gainera, pieza batzuk bertako enpresek egiten dituzte.
Bi langile gazte
Gogoan, berriz, hiru lagunek lan egiten dute jada. Fernandezekin batera, bi ingeniari gazte ari dira: Ibarrako Elene Santos eta Errenteriako Iker Mariñelarena. Biek Mondragon Unibertsitatean ikasi zuten. Santosek Diseinu Industriala ikasi zuen eta Mariñelarenak Biomedikuntza. Biak oso gustura daude. «Ez nekien exoeskeleto bat zer zen, baina pixkanaka mundu honetan murgiltzen ari naiz eta egunero zer edo zer ikasten dut», dio Santosek.
Mariñelarenak, biomedikua izanik, bazuen exoeskeletoen berri. «Exoeskeletoak muntatzen lan egin behar nuela esan zidatenean, sekulako poza hartu nuen. Aukera bikaina da». Ea azkenaldi honetan albiste onen faltan dagoen Goierri garaiarentzat ere aukera ona suertatzen den.