Erdipurdiko ekoizpen urtea kalitatezko sagarrekin gainditu du Gabiriak
Gabirian atzo ospatu zen Errezil Sagarraren Eguna. Ez da urte ona izan, ekoizpenari dagokionez. Bederatzi partaide bakarrik izan ziren lehiaketan. Baina zeudenak maila goreneko produktuarekin. Sagarra berandu etorri da, uda lehorragatik, baina azkenean nota onarekin gainditu du errezil sagarrak 2016ko uztaren etsamina.
Lurrarte gunean: familiek etxerako sagar zukua edo muztioa egin ahalko dute, bertan erositako sagarra (barietate eta ezaugarri askotakoak) beren gustura nahasiz.
Hiru sari banatu zituzten atzo ere, maila berekoak: Anttoni Murgiondok (Bekoetxe), Iñaki Maizek (Eguzkitza) eta Miren Agirrezabalak (Oñatibitxiki) jaso zituzten. Sagar-goxo edo menbrillu lehiaketan —errezilarekin eginak izan behar dute— Pakita Galdosentzat izan da saria.
Goierri Beheko Ezti Lehiaketa ere egin zen, Gipuzkoako Erlezain Elkarteak antolatuta. Horko lehen saria ere Gabirian geratu da, Igor Altuna Maizek (Eguzkitza) eramandako eztiarentzat. Bigarren Bittor Murgiondorena (Mutiloa) geratu da, eta hirugarren Ageda Zeberiorena (Segura).
Omenaldiaren atalean, Antton Olaizola frutazain añorgarrak jaso zuen aitortza, Erbie elkarte antolatzailearen eskutik. 1996ko feriaren hasieran laguntzaile izan zen. Atzo, sagar zukua egiten ere aritu zen. Añorgan ekimen berezia jarri dute martxan,