«Badaukat haurren ahotsa bozgorailu gisa erabiltzeko joera»
Xegun Altolagirre (gidoilaria eta sortzailea)
Hamasei urte dira Altolagirre (Legazpi, 1969) ikus-entzunezko munduan sortzaile lanetan ari dela. Orain lau urte Legazpitik bertatik ari da. Irailean xegun.eus bloga abiatu zuen.
Zergatik bloga?
Urteak egin ditut kanpoan la-nean eta orain lau urte Legazpitik, etxetik, lan egiteko hautua egin nuen. Hemen, bakarrik, gordeta egonda, erakusleiho baten premia sentitu nuen, eguneroko ariketa bat egiteko beharra. Nire burutazioak koaderno ba-tean idatzi eta koadernoa tiradera batean gorde nezake, baina teknologiek interesa sortzen didate eta bloga martxan jartzea otu zitzaidan.
Iaz diseinuarekin lanean hasi nintzen lantalde baten aholkularitzapean eta irailean jarri dut martxan.
Zein da blogaren edukia?
Hausnarketa askorik gabe, bote-prontoan burura etortzen zaizkidanak idazten ditut; barrabaskeriarik ez, baina ordu gehiegi eman gabe josi, sortu, eraiki eta botatzen dut sarera.
Egunero argazki bat eta argazkiak iradokitzen didana publikatzen ditut; hitzak irudi atala da. Esaldi bat ere ipintzen dut egunero. Astean behin testu luzeagoa argitaratzen saiatzen naiz inongo arrastorik jarraitu gabe, hau da, ez dute sail bat osatzen; nahiago dut bertso librean aritu.
Zeintzuk dira ukitzen dituzun gaiak?
Badaukat haurren ahotsa bozgorailu gisa erabiltzeko joera eta, beharbada, psikologo batera joango banintz topatuko luke hor zerbait. Helduentzako mezuak diren arren, haurren ahotsetik aritzeko joera daukat.
Erosoagoa al da zuretzat?
Nonbait bai. Ez diot haurrek esaten dutenari zilegitasun gehiago ematen, ez da hori. Erosoago sentitzen naiz. Bozgorailu tipo bat da, kutsatu gabeko esparru bat da, ez al gara hondatzen haurtzarotik aurrera? Nerabezaroan mozorroa janzten dugu eta aurrerantzean ez garena erakutsi nahian gabiltza, gure gainbehera da.
Zertarako bloga?
Ez dago asmo zehatzik. Ez dut uste inor esnatu, eta gaur zer jarri dudan ikustera joango denik. Niretzat ariketa bat da, ez da egunerokoak zer ematen duen jarraitzeko, nire buruari jartzen diodan ariketa baizik.
Jaso al duzu irakurleen erantzunik?
Bai, eta asmoa hori ez bazen ere, oso pozgarria da jendeak irakurtzen duela entzutea; indarra eta ilusioa areagotzen ditu.
Etxetik egiten duzun lanarekin uztartzen duzu.
Bai, 3Txulo telebista saioan la-nean ari naiz, telesail bat hartzen du saioak eta gidoiak nireak dira. Blogak eguneroko lanean bestelako leiho bat irekitzeko aukera ematen dit. Ez diot perfekziorik eskatzen, askotan pentsatu ohi dut akaso hobeto idatzi ahal nuela hau edo bestea, baina hala irten bada hala doa. Bloga egunero-egunero txistua botatzea bezala da.
Teknologia berriek sortzaileei zirrikituak uzten al dizkiete?
Ni ez naiz idazlea, gidoilaria baizik, eta gidoilariak itzaletan bizitzera ohituta gaude. Film bat estreinatzen da eta aktoreak agertzen dira… Nolanahi ere, guri toki hori gustatzen zaigulakoan nago; itzala, alegia. Beraz, aurrekoa ez da aldarrikapen bat, norberak badaki zein den egin duen lana.
3Txuloz gain, ba al duzu beste proiekturik eskuartean?
3Txulorako hiru kapitulu idazten ditut egunean: 36 orrialde. Oraindik ez da zabaldu, baina abenduan amaitzekoa zen arren, telebista saioa ekainera arte luzatuko dute. Enkarguz lan egiten dut gehienetan, orain Olentzerori buruzko film batean ari naiz. Animazio film baten gidoiaren hastapenetan ere banabil, sinopsiaren fasean… Bloga ez dut enkarguz egin.
Irakurtzeko tarterik geratzen al zaizu?
Ez naiz irakurketa saio luzeak egitekoa, kosta egiten zait liburu batera lotzea. Bazkalondoan irakurtzen dut, orain Joseba Sarrionandiaren lapur bandaren entseguarekin nago. Ni, hala ere, ikus-entzunezkoagoa naiz.
Egungo haurrak bezala.
Bai, ikusten nola joera hori beti ateratzen zaidan?