Edukiontzi grisa, astelehenean Urretxun eta urtarrilean Zumarragan
Edukiontzi grisa ate joka dator: datorren astelehenean hasiko dira Urretxuko kaleetan jartzen eta Zumarragan urtarrilaren 8tik aurrera jarriko dute. Grisa jar-tzearekin batera, berdea kenduko dute. Edukiontzi berrian errefusa bota behar
Edukiontzi grisa ate joka dator: datorren astelehenean hasiko dira Urretxuko kaleetan jartzen eta Zumarragan urtarrilaren 8tik aurrera jarriko dute. Grisa jar-tzearekin batera, berdea kenduko dute. Edukiontzi berrian errefusa bota behar da. Astelehenetan eta ostiraletan bakarrik ireki ahal izango da.
Grisa irekitzeko txartela behar da. Edukiontzi marroiaren txartela eskatu zutenek txartel hori bera erabili behar dute. Txartelik ez dutenek, Urretxuko udale-txean edo Zumarragako kultur etxean eskatu behar dute. Urretxun udaletxeko harrera zerbitzua zabalik dagoen egun eta orduetan, eta Zumarragan astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:00etara. Ostegunetan, arratsaldez ere bai.
Txartelarekin batera, edukiontzi marroia erabiltzeko poltsak eta kuboa emango dizkiete. Zumarragan dagoeneko edukiontzi marroia txartelarekin irekitzen dute. Urretxun giltza erabiltzen dute oraindik. Gabonen ondoren, organikoaren edukiontzi marroia ere txartelarekin irekiko da.
Grisak ez diren gainontzeko edukiontziak, orain arte bezala, egunero zabalik egongo dira. Bestalde, pixoihalentzako edukiontziak jarri behar dituzte bi herrietan. Horiek ere txartelarekin irekiko dira eta egunero erabili ahal izango dira, baina horretarako beraien beharra duten guraso eta agureak udaletxetik pasa behar dira txartela aktibatzera.
Bi herrietan sistema berria alderdi guztiek onartu dute. Zumarragan atzo aurkeztu zuten eta Urretxun joan zen ostiralean. Atzoko aurkezpenean Mikel Serrano alkateak eta Enrike Enparantza Sasieta mankomunitateko teknikariak parte hartu zuten.
Zumarraga
Alkateak erabakiak alderdi guztien babesa duela azpimarratu zuen. «Jasangarritasunaren aldeko apustua egin dugu, istilurik gabe eta modu naturalean. Emaitza onak lortzeko lanean jarraitzen dugu. Bere garaian edukiontzi marroia jarri genuen eta orain pauso bat gehiago ematea erabaki dugu».
Oraindik txartela ez duten bizilagunei inplikatzeko eskatu zien. «Duela bi urte edukiontzi marroiaren aldeko kanpaina egin genuen, baina 2.400 etxetan oraindik ez dute edukiontzi marroia erabiltzeko behar den txartela. Hemendik aurrera, txartelarekin bakarrik ireki ahal izango dira organikoaren edukiontzia eta grisa».
Udalak kultur etxean teknikari bat jarriko du, oraindik txartelik ez duten bizilagunei informatzeko eta laguntzeko. Gainera, etxeetara informazioa bidaliko da eta Sasietak hezitzaileak bidaliko ditu auzo ezberdinetara. Bestalde, dagoeneko teknikariak 300 denda eta taberna baino gehiagotatik ere pasa dira.
Urretxu
Urretxuko prentsaurrekoan ere alkateak eta Enparantzak parte hartu zuten. Urretxuko alkateak ere sistema berria alderdi guztien oniritziarekin ezarriko dela gogoratu zuen. «Alkate naizen heinean, udalbatza osoa ordezkatzen dut. Gaur ez gaude denok hemen, baina egongo bagina bezala da».
Sistema berriak ingurumenari eta udalaren egoera ekonomi-koari mesede egingo diela gehitu zuen. «Zenbat eta gehiago birziklatu, orduan eta gutxiago ordainduko dugu zaborraren bilketa eta tratamenduagatik».
Hori dela eta, herritarrei inplikazioa eskatu zien. «Gai honetan, guztiok asko dugu jokoan. Udalak herritarren zalantzak argituko ditu eta hobekuntzak ezartzen jarraituko du».
Egun Urretxun zaborraren %50 pasatxo birziklatzen da eta sistema berriarekin oso denbora gutxian %60ra igotzea espero da. Urretxuko 2.100 etxetan dute txartela dagoeneko: etxebizitza kopuru osoaren %78an.