EHUko hauteskundeetarako hautagai bakarra Nekane Balluerka ordiziarra izango da
Bihar, egingo dira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea eta klaustroa aukeratzeko hauteskundeak. Hautagaitza bakarra izango da EHUko errektoretzarako bozetan: Nekane Balluerkak (Ordizia, Gipuzkoa, 1966) soilik aurkeztu du taldea. Postu horretara iritsitako lehen emakumea litzateke. Iñaki Goirizelaia egungo errektorearen kolaboratzaile estua izan da, baina bere proiektua ez dela “kontinuista” izango azaldu du. Besteak beste, hauek dira Balluerkak iragarritako proiektuak: Medikuntza fakultate berriko lanak hastea eta euskarako graduen eta gradu-ondokoen eskaintza handitzea.
Hautagaitzak aurkezteko epea azaroaren 3an amaitu zen, eta ez zen beste inor aurkeztu. Aurkaririk ez du izango beraz Balluerkak. Aurreko bozetan, berdin gertatu zitzaion Iñaki Goirizelaiari. Juan Ignacio Perez ere bakarrik geratu zen lehian, eta galdu egin zuen, boto zurien ondorioz. Orain zailagoa da hori, sufragio unibertsal ponderatuaren sistema erabiliko da, hau da, Unibertsitateko sektore guztiek izango dute boto eskubidea: boto baliodun eta haztatuen heren bat gaindituz gero, EHUko errektore izango da Balluerka. Irakasle doktore iraunkorren botoek % 56,25eko balioa izango dute; irakasle ez doktore iraunkorrenek, % 7,50ekoa; gainerako irakasle eta ikertzaileenek, % 2,09koa; ikasleenek, % 22,08koa; eta administrazioko langileenek, % 12,08koa. Emaitzak bihar bertan jakinaraziko dira
Hamar urte errektoretzan
EHUren agintaritzan hamar urte pasatxo daramatza Balluerkak. Erretoreorde 2006an izendatu zuten, Perez Iglesiasen agintaritzapean; Kalitate eta Ikasketa Errektoreorde aritu zen. 2008an berriro aurkeztu zen bozetara Perez Iglesias, eta zerrendan zegoen Balluerka ere. Hautagaitza bakarra zen, eta galdu egin zituen bozak. Goirizelaiak hartu zuen lekukoa eta bi agintaldietan errektoreorde izan zuen Balluerka. Graduondoko ikasketen eta nazioarteko Harremanen arloko errektoreorde jardun da azken angintaldian.