«Pintura inpresionista da nirea, azkarra eta freskoa»
Haurra zenetik gustatu zaio margotzea Ane Urzelairi (Legazpi, 2003); kolore- paletarekin erraztasuna izan du beti. Margotzeko zaletasuna haziz joan zaio urteak egin ...
Haurra zenetik gustatu zaio margotzea Ane Urzelairi (Legazpi, 2003); kolore- paletarekin erraztasuna izan du beti. Margotzeko zaletasuna haziz joan zaio urteak egin ahala, eta ez dio inoiz marrazteari utzi. Amaren jaiotetxea, Mirandaola baserria, horren erakusgarri da, sukaldeko paretak Urzelairen margoez apainduta baitaude, erakusketa baten gisan. Bere talentua ez da nolanahikoa, marrazketa lehiaketa ugaritan lehendabiziko sari ugari irabazi baititu azken urteetan.
Beti gustatu izan zaizu marraztea, ezta?
Bai, haurra nintzenetik. Legazpiko Arkatza marrazki eskolan izena eman nuen 7 edo 8 urterekin. Margoekin hasi nintzen, gero pasteletara pasa nintzen. Akuarela pixka bat ere egin nuen, baina orain, batez ere, akrilikoarekin eta olio-pinturarekin aritzen naiz.
Zein duzu gustukoen marrazterako orduan?
Marrazki normal bat egiteko olioa dut nahiago, adibidez klasean margotzeko. Lehiaketa baterako berriz, akrilikoa, errazago sikatzen da eta akatsen bat egin ez gero, konpontzeko aukera gehiago ematen dituelako.
Nola definituko zenuke zure estiloa?
Pintura inpresionista egiten dut, freskoa eta azkarra. Esan daiteke nire lanak ez daudela oso landuta, unean ateratzen zaidanaren isla izaten dira, denbora gutxian margotutakoak.
Zer gustatzen zaizu batez ere margotzea?
Batez ere paisaiak margotzea gustatzen zait, naturarekin zerikusia dutenak. Etxeak, eraikuntzak-eta gutxiago. Erretratuak egin zalea ere ez naiz. Oraintxe nabil bat margotzen eskolan, baina ez daukat pazientziarik. Erretratu bat margotzerakoan arreta gehiago jarri behar zaie xehetasunei, eta gainera, ni ez nago ohituta pintzel txikiekin aritzen.
Zure lanen beste ezaugarrietako bat kolorea da ezta?
Bai asko gustatzen zait koloreak erabiltzea. Gainera, beti izan dut erraztasuna kolore-paletarekin, ondo moldatzen naiz koloreak erabiltzerako orduan.
Hainbat lehiaketa irabazi dituzu azken urteetan.
Bai. Aurten Tamayok antolatutako hiru lehiaketa irabazi ditut: Donostiako Gipuzkoa plazan, Chillida Lekun eta portuan. Baita Aramaioko pintura lehiaketa ere. Oñatin, herriko eta Arantzazuko lehiaketak ere irabaziak ditut, baita Beasaingoa ere, besteak beste.
Gustuko dituzu?
Bai, batez ere aukera ematen didalako kalera atera eta bertan ikusitakoa margotzeko. Klasean argazki batean ikusitakoarekin inspiratzen naiz margotzerako orduan. Gainera, gainontzeko parte hartzaileek egiten dutena ikusiz ikasteko ere balio izaten dit.
Etorkizunean margotzen jarraitzea gustatuko litzaizuke?
Bai. Arte Ederrak ikastea gustatuko litzaidake, eta ahal izango banu honetatik bizitzea ere bai. Ez da erraza, egiten duzuna ona izanda ere, zaila baita mundu honetan leku bat egitea.