
Beasaingo CAF enpresako langileen batzordeak bertan behera utzi ditu datozen bi asteetarako deituta zituen lanuzteak eta protesta ekintzak. Izan ere, zuzendaritzak “eskakizun guztiak onartu” dituela azaldu du LAB sindikatuak, ohar baten bidez. “Asanbladak erakutsitako tinkotasunaren aurrean, zuzendaritza langileen eskakizunak onartu beharrean aurkitu da”.
Sindikatuaren arabera, “enpresak tailerreko 71 langile eta 15 enplegatu” kontratatuko ditu, eta “aurrejubilatuen ordezko moduan, finko izatera pasako dira”. Horrez gain, “langile ebentual gehiago” hartuko dituzte, lan kargari aurre egiteko. Gainera, 2017 eta 2018ko errelebo kontratuak, 61 urte betetzen diren egunetik jarriko dira martxan. Honekin guztiarekin, “azpikontratazioei galga” jarri diotela azaldu du LAB sindikatuak, eta “enplegu politikaren zatirik urgenteena itxita” gelditu dela. Hala, hemendik aurrera, “hitzarmenaren plataformako gainontzeko puntuak negoziatzen hasteko epealdia” irekiko dela azaldu dute.
Altzairutegia izan da langileen eta zuzendaritzaren arteko desadostasun nagusietako bat. Zentzu horretan, atal hori ixteko erabakiak “bere horretan” jarraitzen duela azaldu die zuzendaritzak, baina “alternatibak aurkezteko eztabaidarako prozesua zabalik” dagoela. Urtarrilaren 1ean ixteko erabakia behintzat bertan behera gelditu dela azaldu dute.
Hori guztia dela eta, kontratazioen alde eta azpikontratazioen aurka deituta zeuden mobilizazioak bertan behera uztea erabaki du Enpresa Batzordeak, eta hala jakinarazi dio zuzendaritzari. Gai horietaz guztietaz hitz egiteko, langile batzarra egingo dute datorren asteartean, hilak 29.