Erakundeek ere azaroaren 25eko deialdiekin bat egiteko eskatu diete herritarrei
Urola Garaiko Mankomunitateko ordezkari politikoek agerraldia egin dute indarkeria mota hau gaitzesteko. Kontzentrazio bana egingo da Legazpi eta Urretxu-Zumarragan
Legazpiko udaletxean elkartu dira Urola Garaia Mankomunitateko ordezkariak Emaku- meenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko gaurko egunerako elkarretaratzea deitzeko eta, aho batez, indarkeria mota honen aurrean gaitzespena erakusteko. Bidenabar, mankomunitateak indarkeria matxista ezabatu bidean emandako urratsen berri eman dute. Kontzentrazio bana egingo da gaur Legazpiko udaletxe aurrean eta Urretxu-Zumarragako Areizaga-Kalebarrenen. Biak 19:00etan izango dira.
2015. urtea hasi zenetik eta amaitzear dagoen azarora arte, Goierri garaian indarkeria matxistari lotutako 45 kasu berri izan dira. Mankomunitateko Berdintasun arloak emandako datuak dira. Horietatik 35 iaz jazo ziren eta 19 aurten; 22 Zumarragan, 17 Legazpin eta 6 Urretxun. Biktimen %68,9 Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan jaiotakoak dira eta %62,2k seme-alabak dituzte.
23 kasu urtebetean
Jon Luqui Urretxuko alkateak eman zituen kopuruak. 23 kasu aipatu zituen, hain zuzen, aurreko urteko azarotik orain arte jazotakoak, «icebergaren muturra baino ez da, adituek diotenez indarkeria kasuen %20 baino ez dira salatzen».
Indarkeria motari dagokionez, 45 kasu horietatik, %84,4k genero indarkeria jasan dute, hau da, bere bikotekideak nahiz bikotekide ohiak eragindako indarkeria nozitu du. %13,3k familia barruko indarkeria sexista pairatu dute, batez ere, semeek eragindakoa. Gainontzeko kasuak eraso sexualak eta teknologia berrien bitartez eragindako biolentzia gertakariak izan dira.
Indarkeria mota hau saihesteko Goierri garaian martxan dauden ekimenen berri eman du Koldobike Olabide Legazpiko alkateak: «Prebentzio lanean, gazte eta nerabeen artean indarkeriari aurre egiteko Beldur Barik programa, erakundeen arteko koordinaziorako Protokoloa eta Jabekuntza Eskola».
102 gazte Beldur Barik
Beldur Barik lehiaketan 102 gaztek parte hartu dute aurtengoan; lehiaketa urte osoan egiten den lanketa baten emaitza da.
Aurten 103 emakume aritu dira Jabekuntza Eskolako taldeetan nahiz prestakuntza tailerretan. Taldeak, gaur-gaurkoz, honakoak dira: emakume zaintzaileak, musulmanak, zaintza la- netan ari diren emakume etorkinak eta indarkeriari aurre egiteko taldea.
Atzoko agerraldian indarkeria matxistari aurre egiteko gida bat aurkeztu zuten. Gidan genero indarkeria zer den, bere zikloa eta bestelako informazio sorta bildu dute. Sarreran hala diote: «Ez du axola egiten dugunak, esaten dugunak, nondik ibiltzen garen edota nola janzten garen… Ez dago indarkeria hau justifikatzen duen aitzakiarik».
Agerraldian, Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako ordezkari politikoek indarkeria mota honen kontra egiteko beharrezko baliabide politiko-instituzionalak herritarren esku jartzeko konpromisoa hartu zuten.













