«Herrian txapela janztea handia litzateke, baina ez da erraza izango»
Aitor Perez Arrietak (Zegama, 1977) txirrindularitzan bide oparoa osatu zuen. Caisse d’Epargne eta Lampre taldeetan aritu zen, besteak beste, eta Tourreko ...
Aitor Perez Arrietak (Zegama, 1977) txirrindularitzan bide oparoa osatu zuen. Caisse d’Epargne eta Lampre taldeetan aritu zen, besteak beste, eta Tourreko etapa batean hirugarren postuan sailkatu zen. 2012an profesionala izateari utzi zion, baina bizikleta ez du alboratu. Egun, mendiko duatloiak egiten ditu. Hilaren 26rako Zegamako lehen mendi duatloia antolatu dute berak eta bere taldekideek.
Pena eman al zizun txirrindularitza uzteak?
Bai. Urte asko neramatzan txirrindularitzan, errutina berarekin, eta etorkizunak beldur pixka bat ematen zidan. Gainera, krisi garaian utzi behar izan nuen, nire azken taldeak ez zuelako jarraituko zuen itxurarik eta dagoeneko 35 urte nituelako. Saltzaile lanetan aritu nintzen, baina ez zitzaidan gustatu. Eskean nindoala iruditzen zitzaidan. Goierri Eskolan soldadurako modulu bat egin dut eta lantegi batean lanean hasi naiz.
Ez diozu bizikletan ibiltzeari utzi.
Ez. Martxa zikloturistetan parte hartu nuen eta Zegama-Aizkorri maratoia ere egin nuen, duela bi urte. Bestalde, lagunak mendiko duatloietan ibiltzen ziren eta nik ere probatzea erabaki nuen.
Asko kostatu al zitzaizun korrika egitera eta mendiko bizikletan ibiltzera ohitzea?
Korrika egiteko, mendia nahiago dut. Mendiko bizikletari dagokionez, teknika hartzea kosta egiten da. Sekula ez naiz hobeto jaisten direnen pare ibiliko, baina moldatzen naiz.
Maila ona ematen ari zara.
Aurten proba askotan parte hartu dut, baina azaroko bitan ezin izan dut parte hartu. Hamabitik hamarretan parte hartuko dut. Lider joan nintzen azaroan sartu arte, baina despistatu egin naiz apur bat. Izan ere, ehiza ere gustatzen zait…
Zegamako taldearekin zabiltz.
Inoiz baino talde indartsuagoa dugu. Hamar lagun elkartu gara: zortzi zegamar, idiazabaldar bat eta Tolosaldeko bat. Halako herri batean horrenbeste jende animatzea gauza handia da. Gainera, sailkapenean lehenengoak goaz (azaroaren 6ko probaren ondoren). Baina azkenaldian Tolosakoak nagusitzen ari zaizkigu eta bukaera arte borrokatu beharko dugu.
Denboraldiko azken proba Zegaman izango da.
Hala da. Dagoeneko ia dena prest dugu. Hasteko, lauzpabost kilometro egingo ditugu korrika. Bizikletako zirkuituak zazpi kilometro izango ditu. Bi itzuli emango dizkiogu. Ondoren, kilometro pasatxo egingo dugu korrika herri inguruan.
Zegamako taldeak Zegaman txapela janztea gauza handia litzateke.
Bai, baina ez da erraza izango. Ahaleginak egingo ditugu.
Zegaman beti egon da txirrindularitza zaletasun handia.
Miguel Indurainek, Chava Jimenezek… Manoloren etxean ostatu hartu zuten. Gainera, herrian txirrindulari taldea egon zen. Txirrindulari handiak egon ziren. Besteak beste, Inaxio Arrieta. Oker ez banaiz, bera izan zen profesional mailara pasa zen lehen zegamarra. Herrian zaletasuna piztu zuen eta gu atzetik etorri ginen. Beherakada egon da eta ea gazteak animatzen diren.
«Nire lagunak mendiko duatloietan ibiltzen ziren eta probatzea erabaki nuen»
«Sekula ez naiz hobeto jaisten direnen pare ibiliko, baina moldatzen naiz»
«Jon Agirre Ampoko presidente zenari esker joan nintzen Frantziako Tourrera»
Zu berandu samar hasi zinen lehiatzen.
Bai, gazte mailako bigarren urtean. Ordura arte futbolean jokatzen nuen. Herriko festetan lasterketa bat antolatzen da, bi aldiz irabazi nuen eta jendeak lasterketetan parte hartu beharko nukeela esan zidan. Nahiko ondo hasi nintzen. Lehen denboraldian bi lasterketa irabazi nituen.
Asko kosta zitzaizun profesional mailara pasatzea.
Zortzi urte eman nituen afizionatu mailan. Egokitzea kosta egin zitzaidan, ez bainuen oinarririk. Azkenean, Baque taldeak profesional mailara salto egiteko aukera eman zidan. Baque desagertu egin zen eta Spiuk taldera pasa nintzen. Hor maila ona eman nuen eta Caisse d’Epargne taldearekin fitxatu nuen.
Bi denboraldi eman zenituen bertan. Txirrindulari oso onak zeuden taldean.
Alejandro Valverderekin, Puritorekin (Joaquim Rodriguez) eta Oscar Pereirorekin koinziditu nuen. Lampren ere txirrindulari onekin aritu nintzen: Damiano Cunegorekin, Michele Scarponirekin, Alessandro Petacchirekin…
Zein da, zure ustez, eduki zenuen taldekide onena?
Valverde. Afizionatu mailatik ezagutzen nuen eta klase berezia zuela ikusten zen. Egun bezala, denboraldi osoan lehiakorra zen. Pereiro ez zen Valverde bezain serioa. Tourrean eta Vueltan bakarrik zentratzen zen. Puritori dagokionez, garai hartan, ez zuen gero eman zuen maila ematen. Valverde ondoan edukitzea zortea zen beretzat: arerioek Valverde zaintzen zuten eta berak erasotzeko aukera zuen. Ondoren, Valverderen pare jarri da.
Zuk ere maila ona eman zenuen. 2010eko Tourreko etapa batean hirugarren postuan sailkatu zinen.
Urte hartan Footon-Servetto taldean nengoen, eta Tour hartara joan edo ez, zalantzatan egon nintzen. Izan ere, Tourrera joateko prestatu nuen neure burua, baina Dauphine Libere txarra egin nuen eta taldeko zuzendariei zalantzak piztu zitzaizkien. Ampo patrozinatzaileetako bat zen eta Jon Agirre presidente zenari esker joan nintzen Tourrera: zuzendariei deitu zien eta niri tokia egiteko esan zien. Azkenean, ondo erantzun nuen.
Hirugarren egin nuen etapa Luchonen amaitu zen. Aurretik Bales mendate gogorra pasa genuen. Zortzi txirrindulari gindoazen ihesaldian eta Balesen Voeckler-ek alde egin zuen. Egia esan, urte hartan oso indartsu zegoen. Ni Alessandro Ballan-ekin heldu nintzen helmugara. Dena den, gustura bukatu nuen. Pisu handia kendu nuen gainetik.