Abesbatzen Sari Nagusia Zumarragan egingo dute, abenduaren 10ean eta 11n
Abesbatzen Sari Nagusiaren 18. edizioa Zumarragan egingo dute, abenduaren 10ean eta 11n. Gernikako Gaudeamusek, Guadalajarako Kromatikak, Vigoko Gli Apassionatik eta Etxarri-Aranatzeko abesbatzak parte hartuko dute. Abesbatzen Sari Nagusia lehiaketen lehiaketa
Abesbatzen Sari Nagusiaren 18. edizioa Zumarragan egingo dute, abenduaren 10ean eta 11n. Gernikako Gaudeamusek, Guadalajarako Kromatikak, Vigoko Gli Apassionatik eta Etxarri-Aranatzeko abesbatzak parte hartuko dute.
Abesbatzen Sari Nagusia lehiaketen lehiaketa da: izen bereko elkarteko kide diren lehiaketetan nagusitu diren abesbatzek parte hartu dute. Sari Nagusia urtero toki batean egiten dute (elkarteko kide den herri batean edo lehiaketa eskatu duen hiri batean) eta Zumarragan bi aldiz egin da: 2002an eta 2008an.
Aurtengo edizioa atzo aurkeztu zuten, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian Jose Mari Aierdi, Eva Ugalde eta Iñaki Karkamo antolatzaileek eta Mikel Serrano alkateak parte hartu zuten.
Serranok lehiaketa Santa Lutzi bezperan egingo dela eta Zelai Arizti aretoan izango dela azpimarratu zuen. Izan ere, halako ekitaldiak Antion izan ohi dira.
Aierdik Abesbatzen Sari Nagusia zortzi lehiaketekin jaio zela eta egun lau dituela gogoratu zuen: Zumarragakoa, Ejea de los Caballeroskoa (Zaragoza), San Vicente de la Barquerakoa (Kantabria) eta Griñongoa (Madril).
Zortzi urte ondoren, Sari Nagusia Zumarragara itzuli da. Kartela Jose Mari Aleman Amundarain zumarragarra egin du eta aurkezle lanak Iñigo Arbizak egingo ditu.
Lau abesbatzek bi egunetan abestuko dute: batean polifonia kantak eta bestean folklorekoak. Abenduaren 10eko saioa 18:00etan hasiko da. Gaudeamusek polifonia abestuko du, Kromatikak folklorea, Gli Apassionatik polifonia eta Etxarri-Aranatz abesbatzak folklorea. Lau abesbatzetako zuzendariak emakumezkoak dira eta epaimahaia ere emakumezkoek osatuko dute.
Abenduaren 11ko emanaldia 11:00etan hasiko da. Gaudeamusek folklorea abestuko du, Kromatikak polifonia, Gli Apassionatik folklorea eta Etxarri-Aranatz abesbatzak polifonia.
Polifoniari dagokionez, garai ezberdinetako kantak abestu beharko dituzte: barrokoak, erromantikoak eta garaikideak. Folkloreari dagokionez, beraien herrialdeko, Euskal Herriko eta ordezkatzen duten lehiaketako kantak abestuko dituzte.
Gaudeamusek Zumarragako lehiaketa irabazi zuen, Kromatikak Griñongoa, Gli Apassionatik San Vicente de la Barquerakoa eta Etxarri-Aranatzek Ejea de los Caballerosekoa.
Sarasolari omenaldia
Bestalde, urtero tokian tokiko konpositore bat omentzen dute eta aurtengo omendua Xabier Sarasola beasaindarra da. Abesbatza guztiek bere lanen bat abestu behar dute eta igandean, epaimahaiak puntuak batzen dituen bitartean, Beasaingo Narama abesbatzak Sarasolaren obrak kantatuko ditu.
Bi egunetan sarrera doan izango da eta gonbidapenak Zelai Ariztiko leihatilan hartu behar dira. Leihatila emanaldia hasi baino ordubete lehenago irekiko dute. Hiru sari banatuko dituzte: polifonia, folklorea eta nagusia.