Jasoko langileek greba hasi dute «hitzarmen duin baten alde»
Itsasondoko Jaso garabiak enpresako langileek, atzo hasi zuten greba mugagabe partziala «hitzarmen duin baten alde». Batzarrak, %70eko babesarekin deitu du greba. Orain dela urtebete hasi ziren negoziaketak eta langileek «soldataren igoeraren gainetik eskubide sozialak lehenetsi» dituzte.
Enpresa batzordeak «alternatiba ezberdinak porposatu» dizkio zuzendaritzari akordio batera heltzeko helburuarekin baina zuzendaritza «ez da bere posiziotik mugitzen». Lan baldintzak, Goierriko beste enpresa batzuetako langileek dituztenekin «parekatzea» eskatzen dute.
Joan den martxoan, bost eguneko greba egin zuten Itsasondoko Jasoko langileek eta geroztik saiakera ezberdinak egin dituzte akordio batera iristeko. Baina momentuz ez dira akordio batera iritsi eta horregatik lanuzteak egingo dituzte berriro. Egunero, Itsasondoko lantegiaren aurrean bilduko dira langileak 08:00etatik 12:00etara akordiorik lortzen ez den bitartean.