Ordiziako udal gobernuaren jardun «autoritarioa» salatu eta «gutxiengoaren nahieran» aritzeko prest ez daudela diote. Dinamika aldatzeko eskatu diote
Ordiziako Udaleko oposizioko bi alderdiek, EH Bilduk eta Ordizia Orainek, mezu argia helarazi diote EAJk eta PSE-EEk osatzen duten udal gobernuari: «Ez gaude prest gutxiengoaren nahieran udal honen jarduera inperatiboan parte hartzeko». Agerraldi bateratu bat egin zuten atzo plazan mugikortasun mahaiaren osaketaren harira duten desadostasuna azaldu eta udal gobernuari lan dinamika alda dezan eskatzeko: «Ez gaude prest iruzur honekin jarraitzeko, eta ez dugu mespretxu gehiagorik onartuko». Igor Egurenek (EH Bildu) eta Mila Sukiak (Ordizia Orain) egin zituzten eledun lanak.
Bi alderdien agiri bateratuak dioenez, Ordiziako udal gobernuaren «era autoritarioak» behartu ditu prentsaurrekoa antolatzera. Haren esanetan, herenegun arratsaldean mugikortasun mahaia osatzeko bilera egin zen udaletxean, baina bi alderdiotako ordezkariek ez joatea erabaki zuten, eta bileraren aurretik haien asmoa zein zen jakinarazi zioten alkateari. «Iragan otsailean, hemen gauden ordezkariok sustatuta, udalbatzak, aho batez, mugikortasun mahaia osatzea erabaki zuen. Bederatzi hilabete pasa dira ordutik, inolako aurrerapausurik gabe. Hau ez da berria udal honen jardueran».
Udal gobernua «nahieran»
Oposizioko alderdien esanetan, «bien bitartean», mugikortasunari eragiten dioten hainbat erabaki hartu ditu udal gobernuak, «kontsentsurik gabe, udalbatza osatzen dugun ordezkarioi iritzia eskatu gabe». Autoen abiadura kontrolatzeko radarrak eta isunak jartzea, semaforoak eta Malkaskoko errontonda aipatu dituzte, besteak beste. «Hauek guztiak komunikabideengandik jakin ditugu guk, eta mugikortasun mahaiaren osaketaren berri ere hala jakin genuen hil honen 11n».
Otsailaz geroztik mugikortasunari buruzko informazioa eskatzen ari direla zehaztu dute, eta «beti ukatu» egin zaiela salatu dute. «Bien bitartean hartu diren erabakiak nork, noiz eta zeren baitan hartu ditu? Ados gauden ala ez jakiteko ere ez zaigu informaziorik eman, eta orain, balizko zozketa batean oinarrituta, udal gobernua ez den beste inork parte hartu gabe erabaki dute mahai hau antolatzea, haiek, nahieran».
Hondakinen mahaia eredu
Bi alderdietako ordezkariek hondakinen mahaiari egin diote erreferentzia, eta honako galderak plazaratu dituzte: «Ez al genuen ariketa aberasgarria egin hondakinen mahaia sortzeko? Ez al genuen norberak berea jarri mahai horrek arrakasta izan zezan? Ez al genuen nahiko lan egin prozedurak denok barnebildu gintzan?».
Mugikortasun mahaia sortzeko egindako deialdiak «oinarrizko printzipioak urratu» dituela uste dute: «Helburuak zehaztea, aniztasuna bermatzea, metodologia ezagutzea… eta nola ez, oposizioan gauden alderdiokin iritzia partekatu eta prozedura adostea. Abiapuntu hau duen edozerk zer jarraipen eta garapen izan dezake? Bakarra: antolatu duenak nahi duena».
Udalerria garatzeko hartu behar izan diren erabakietan «gogor» lan egin dutela –aurrekontua aho batez onartu izana–, eta ordainean «gutxiespena» jaso dutela salatu dute.