Udalaren barne antolaketa berriak «eraginkortasuna» hobetu nahi du
Orain arteko hamar batzordeak Antolakuntza, Herritarrak eta Lurraldea batzordeetan banatu dituzte . Hilean behin bilduko dira. EH Bilduk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute
Beasaingo Udalaren kudeaketaren «eraginkortasuna eta barne funtzionamendua hobetzeko» helburuarekin, udal barne egitura berria onartu zen astearteko osoko bilkuran, EAJren 9 botoekin; PSE-EEk eta EH Bilduk kontrako botoa eman zuten.
Aitor Aldasoro alkatearen esanetan, «2015eko ekainean uda-lean sartu eta irailaren erdirako konturatu ginen orduko antolamenduak ez zuela balio, askoz ere eraginkorragoa izan behar zuela udalak; koordinazio hobe bat behar zela sail desberdinen artean». Hori lortzeko, Otxandio Coaching enpresarekin jarri ziren harremanetan: «EH Bilduk, PSE-EEk edota EAJk zuzendutako udalekin aritu dira lanean antolaketa egitura berria txertatzen, eta guretzat horrek ezinbesteko balioa du».
Aldasorok gehitu duenez, «hasiera-hasieratik helburu izan dugu oposizioaren oniritziarekin aurrera egitea, hainbat bilera egin ditugu eta elkarrekin Zarautzera joan ginen bertako kasua ezagutzera. Eredu berria, gainera, politikoz eta teknikoz osatutako talde batek landu du. Oposizioarekin egindako lehen bileran aldeko jarrera azaldu zuten, hortik aurrera alderdiek hitz egin dute. Hori dela eta, eta eraginkortasunean urratsak ematea ezinbestekoa dugula aitortuta, aurrera egin dugu. Gainera, Otxandiok berak lehen bileran esan bezala, nola liteke Bilbok eta Bartzelonak hiru-lau batzorde edukitzea eta Beasainek 11? ».
Aldaketa nagusia, beraz, batzordeen antolaketan dago: «Orain arteko barne funtzionamendurako hamar batzordeak hirutan banatuko dira: Antolakuntza, Herritarrak eta Lurraldea, legeak aitortzen dituen udalerriaren oinarrizko hiru elementuak oinarri hartuta». Batzordeak herritarrei irekiak izaten jarraituko dute eta hilean behin bilduko dira. Barne antolaketa berriarekin aurrera pausoak eman nahi dituzte «udala garai berrietara egokitzeko eta gardentasunean, eraginkortasunean, kudeaketan eta herritarren eskakizunei erantzuteko azkartasunean». Izan ere, «koordinazio gehiago egongo da batzordeen artean eta horrek ikuspegi osoagoa eta modu antolatuagoan lan egiteko aukera emango digu».
Era berean, udalaren barne antolaketa berria apirilean onartutako Udal Lege berriaren norabidean doala gaineratu du alkateak, «alderdi guztiok onartutako Udal Lege berrian». Lege horren arabera, oposizioko talde nagusiak, zinegotzi bat eduki dezake liberatua soldatapean eta halaxe egin eta eskatuko duela agertu zuen EH Bilduk osoko bilkuran.
UDAL EGITURA BERRIA Hiru batzorde berri: · Lurraldea. Lehengo Hirigintza, Zerbitzu/Landa Ingurunea/ Ingurumena batzordeek osatua. · Herritarrak. Kultura, Hizkuntza Politika, Turismo eta Merkataritza, Gizarte Ongizatea, Parte Hartzea /Berdintasuna / Migrazioa eta Hezkuntza, Gazteria. · Antolakuntza. Hazienda eta Ondarea, Udal Antolakuntza, Kontuetarako Batzorde Berezia.












