Eraikin Publikoen Ekintza Plana landuko du udalak, hiru hileko prozesuan .Plaza nola eraberritu zehazteaz gain, Artxanberriko lokala, eskola-eremua edo antzokia ere aztertuko dituzte
Zaldibiako azpiegitura publi-koak nola eraberritu zehazteko, udalak herri jardunaldi bat antolatu du, larunbat goizerako. Plazan 10:00etatik 13:00etara izango da, herritarrei irekia. Eraikin Publikoen Ekintza Plana aurkeztuko du, eta han zerrendatutako ekinbideak nola garatu aztertzen hasiko dira.
Prozesuak hiru hilabete iraungo du, etzi hasita urtarrilera arte. Aztiker enpresak dinamizatuko du, eta herritarrek osatutako talde eragile bat ere osatu da, «herritarrekin kontrastatuko diren proposamenak aurrez lantzeko eta gero ondorioak biltzeko». Udalak aukeratu ditu kideak, eta dagoeneko lanean ari da.
Eraikin Publikoen gaineko Ekintza Plana udal arkitektoak gauzatu du. Aurreko parte hartze prozesuan erabakitakoen egoera eta etorkizunerako proposamenak bildu ditu.
Orain hasiko den partaidetza proiektua Zaldibiako Udaleko bi udal taldeek —EH Bilduk eta Zaldibia Herrigintzanek— aho batez onartu zuten, urriaren 26ko osoko bilkuran. Ekintza plana herritarren parte hartzearekin lantzeko eta berori bultzatzeko konpromisoa hartu dute.
Plaza eraberritzea
Zaldibian 2014an burutu zuten Nolako Zaldibia nahi duzu? prozesua, aldundiaren Itten enpresarekin batera. 2015eko bozen ondoren, Etorlurrek hartu zuen berriz Itten-en funtzioa. «Lehen hasitako parte-hartze prozesuari jarraipena emateko asmoz, aldundiko Partaidetza Sailarekin barne-lanketan aritu gara azken hilabeetan», dio udalak.
Larunbateko jardunaldian gai nagusi bat Zaldibiako plazaren eraberritzea izango da, «Zaldibia eraberritzeko prozesuan zentrala izango baita». Artxanberriko lokalean zer egin, eskola eremua nola berritu edota antzokia ere landuko dituzte. Gurasoek ere parte har dezaten, 3-8 urte arteko umeentzat jolasak antolatu dituzte, batzarrak dirauenerako.